Talai Mendi Trail

"Azken asteotan mugimendu handia izan da mendi lasterketaren ibilbidean"

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 22a, 08:30

Nerea Arriagak KARKARAk zozkatutako dortsalarekin egingo du bihar Talai Mendi Trail lasterketa. Azaldu duenez, lehiaketak saltsa polita sortu du mendian korrika ibiltzen direnen artean. Lau hitz egin ditu KARKARArekin.

KARKARAk zozkatutako dortsala izango duzu soinean igandean.
Egia esan, ez zitzaidan niri tokatu zozketan kar kar kar... Dortsalak eskuragarri jarri zituzten egunean izen ematea egiteko aukerarik ez nuen izan, eta azkar bukatu ziren. Pena handia eman zidan gabe geratu izanak. Hala ere, lagun batekin entrenatzen jarraitu nuen, berak dortsala lortu zuelako. Gero, KARKARAren zozketan Miren Ostolaza izan zen sariduna, eta hark eman egin zidan, lasterketa ez egitea erabaki eta gero. A ze zortea!

Nola prestatu duzu zita? Lehendik ere mendian korrika ibilitakoa al zara?
Bai, duela bost urte hasi nintzen lasterketak egiten. Zegama-Aizkorri pare bat ere badauzkat eginda. Pandemia dela-eta albora utzita izan dut mendia, eta Orioko lasterketa aukera polita da berriro martxan jartzeko. Aurreko hilabeteetan asteburuetan-eta ibili izan naiz entrenatzen, eta azkenaldian gehixeago, astegunetan ere bai.

Buruan ba al duzu markarik iganderako?
Ez, baina oso lehiakorra naiz, eta beti saiatzen naiz aurretik dudana harrapatzen. Ahalik eta denborarik onena egitera aterako naiz, eta aldi berean, gozatzera ere bai.

Lagunen batekin egingo al duzu lasterketa? Edo bakarrik?
Sonia Alonso eta biok elkarrekin aterako gara. Hura ni baino gehiago da, baina aldamenean joango dela esan dit... Ondo moldatzen gara biok: aldapan gora alde egiten dit, eta beheraka harrapatu egiten dut... Kar kar kar

Zer itxura hartzen diozu ibilbideari?
Polita, egia esan. Oso egingarria da korrika ibiltzen den edonorentzat, orokorrean ez duelako pendiz handirik.

Probak sortu al du saltsarik mendian korrika ibiltzen zaretenon artean?
Bai, saltsa polita dago herriko jendearen artean. Asteburuetan jende asko ibili da ibilbideko puntu desberdinetan entrenatzen, eta elkar gurutzatuz ibili gara. Batzuk azkar, besteak mantsoago, baina mugimendu handia izan da mendian azkenaldian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!