"Sistema judizialak gabezia handiak ditu familiari, biolentziari eta atzerritartasunari lotutako gaietan"

Iñigo Gaiton 2021ko mai. 21a, 08:53

Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolaren eskutik, aholkularitza juridiko zerbitzua jarri zen martxan urtarrilean. Orduz geroztik, hitzordu guztiak beteta izan dituztela nabarmendu dute Macarena Mujika (Donostia, 1988) eta Garazi Plazaola (Legazpia, 1989) aholkulariek.

Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak aholkularitza juridikoa emateko zerbitzua jarri zuen martxan urte hasieran. Ordutik, Macarena Mujikak eta Garazi Plazaolak jardun dute aholkulari lanetan hileko azken astelehenetan, eta maiatzaren 31n ikasturte honetako azken eguna izango dute Orion.  Bien iritziz, hilabete hauetan guztietan egindako lanaren balorazioa «positiboa» da, besteak beste, hitzordu guztiak beteta izan dituztelako. «Gugana jo duten emakumeei laguntza benetan baliagarria eman diegula sentitu dugu, gertukoa. Egoera zaila bizitzen ari den pertsona batentzat, zalantza eta kezka askorekin, oso garrantzitsua da konfiantzazko giroan lan egitea», azaldu dute. 

Orion egindako lana aholkularitza eta orientaziora mugatu da, ez dira prozesu judizialetan sartu: «Hartu ditugun emakume gehienentzat, aholkularitza behar izan duten lehen aldia izan da. Horregatik, ahalik eta informazio zehatzena ematea, lasaitzen laguntzea, orientatzea edo zer bide jarraitu dezaketen azaltzea izan da gure lana. Loturak egiten ere saiatzen gara, Ahalduntze Eskolarekin edo Gizarte Zerbitzuekin». 

Askotariko gaiak
Kultur etxeko bulegoan hamabi emakume hartu dituzte guztira, arratsalde bakoitzean hiru, banakako kontsultetan. «Erdiak euskal jatorrikoak izan dira, eta beste erdiak atzerrikoak; oriotarrak guztiak, herrian aspalditik errotutakoak. Urte luzez hemen bizi izanagatik, askok arazoak izaten dituzte paperekin», eman dute jakitera. Familiarekin (banaketak, haurren zaintza...), atzerritartasunarekin, etxebizitzen alokairuekin, lanarekin edo biolentziarekin lotutako gaiek izan dute tarterik zabalena aurrez aurreko saioetan, bi aholkulariek aletu dutenez. 

Hitzordu guztiak bete izana ontzat jo arren, alde ilun bat ere geratu da agerian: zerbitzuaren premia duen emakume asko dagoela. «Gizarteak arazo estruktural ikaragarria dauka. Sistema judizialak gabezia handiak ditu, batez ere familiari eta biolentziari lotutako gaietan. Atzerritartasun legea ere oso gogorra da, zaildu egiten duelako migranteek paperak legean izatea. Labirinto batean sartuta egoten dira asko, tramite burokratikoen artean, egoera oso zaurgarrian», azaldu dute. 

Sistemaren zuloak
Aholkularitza juridikoa ematen hasi aurretik, abokatu modura lan egindakoak dira Mujika eta  Plazaola. Sistemaren zuloak bertatik bertara ezagutzeko aukera eman zien esperientzia horrek: «Ez dira pertsonaren beharrak eta egoera kontuan izaten». Ohiko zerbitzu juridikoak «oso motz» geratzen direla ondorioztatu eta gero, aholkularitzaren esparrura salto egiteko erabaki profesionala hartu zuten biek.

Bukatu aurretik, Orion egindako beste lanketa bat ekarri dute gogora: «Indarkeria matxistaren gaineko formazio bat eman genuen, eta parte hartze zabala izan zuen. Herriko gazte dezente juntatu zen saioan, eta errealitatea eraldatzeko motorra izango direla ziur gaude». 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!