«Elkarrizketa eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Munduko Eguna» ospatzen da maiatzaren 21ean. Horren testuinguruan Orioko Udalak adierazi nahi du aintzat hartzen dituela talde eta herritar guztien hizkuntzak, sinesmenak eta ohiturak, norberaren ezaugarri garrantzitsuak baitira.

Ohituren eta tradizioen bitartez, gure sustraiak gogoan hartuz eta arbasoen ondarea transmitituz, gurasoen eta seme-alaben arteko lotura afektiboak estutzen dira. Lotura afektiboak modu, leku, une eta kolore ezberdinetan sortu daitezke. Oker gaude mundua ikusteko eta sentitzeko modu bakarra, gurea, dagoela uste badugu. Aldebakartasunak itsutu gaitzake: ez digu besteen ohiturak ezagutzen uzten eta haien kontra jotzeko gogoa piztu dezake. Ezjakintasunak aurreiritziak elikatzen ditu eta ez digu uzten elkar ulertzen.

Kultura guztiak duinak dira eta munduko parte garrantzitsua dira. Gure gizartea plurala da eta beharrezkoa dugu ez soilik elkar errespetatzea, baizik eta baita elkarren arteko harremana ere. Aniztasun kulturalaren baitan, kulturen eta herrien arteko elkarrizketa sustatzeak ulermena eta gizarte-kohesioa indartzen laguntzen du; horiexek dira, hain zuzen ere, elkarrekin bakean bizitzeko behar ditugun arraunak.

Hori horrela izanik, Orioko Bizikidetza Batzordeak ekimen ludiko bat proposatzen dizue: «Orio koloretsua!»: 18 galderako jolas bat da, herrira etorritako kulturez zenbat dakigun ezagutzeko. Sare sozialetan banatuko dira galderak. Parte hartu eta ea zenbat erantzun asmatzen dituzuen!

Bestalde, aurreratzen dizuegu urtean zehar ekimen gehiago proposatuko ditugula kultur aniztasunaren inguruan.

Orio Koloretsua! galdera-jokoa
Agiria plazaratzeaz gain, martxan jarri duten galdera-joko baten berri ere eman du udalak. Orio koloretsua! izena du ekimen ludikoak, eta Orioko kultur aniztasunari buruzko 18 galdera erantzun behar dituzte parte hartzaileek. "Gaiari buruzko gogoeta" sustatu nahi du Bizikidetza Batzordeak jokoaren bidez.

Egin klik hemen galdera-jokoan euskaraz jolasteko. Hemen, gaztelaniaz aritzeko.