Antonio Oliden 'Konpaxa' arraunlari eta patroi ohiari buruzko liburua aurkeztu dute

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 21a, 15:35

Goizean izan da Joseba Urretabizkaiak eta Alvaro Bermejok egindako liburuaren aurkezpena. Anuska Esnal Orioko alkateak idatzi du hitzaurrea, eta hunkituta azaldu da Arraunetxeko ekitaldian.

Antonio Oliden Konpaxa arraunlari eta patroi ohiaren bizitza liburu batean jaso dute Alvaro Bermejo idazleak eta Joseba Urretabizkaia argazkilariak. Arraunlari ohi, herritar eta Olidenen senitarteko dezente juntatu dira goizean Arraunetxen egin den aurkezpenean.

Urretabizkaiak adierazi duenez, Jentil bildumaren parte izango da Konpaxari buruzko liburua: "Herri kirolen munduko jende esanguratsuaren biografiekin bilduma osatzen hasi ginen, eta lan hau liburu sorta horren barruan kokatzen dugu. Hamargarren zenbakia da, zehazki esanda".

Xibarit argitaletxearen arduraduna da Urretabizkaia, eta beren zigilupean atera dute Olideni buruzko argitalpena. "Gure liburuen edizioa asko zaintzen dugu, eta hau ere paper bereziarekin egin da, detaile guztietan ahalik eta kalitate altuena mantenduz. Ale bakoitzak bere zenbakia du". Pozik agertu da emaitzarekin: "Informazio eta argazki zahar asko du gordea Antoniok, eta horrek asko jantzi du liburua".

Konpaxa pertsona "paregabe" modura aurkeztu du Bermejo testuen egileak, hitzartzea hasi orduko. "Umetan aitarekin batera ikusten nituen Kontxako estropadak, eta donostiarrak garen arren, Orioko txaluparen aldekoak izan gara beti. Ordurako ezagunak ziren Antonio eta bere anaiak, izen handiak ziren arraun munduan", jarraitu du azaltzen.

Liburua egitea adostu zutenean, Olidenekin aurrez aurre elkartzeko aukera zuen idazleak, eta berarekin izandako lehen zitan "txundituta" geratu zela aitortu du: "94 urterekin ezagutu nuen nik, eta harrituta laga ninduen bere sasoiak. Adin horretako bi pertsona ezagutu ditut halako indarrarekin: Jorge Oteiza eta Antonio bera". Hiru ordu egin zituen Ortzaikakoak zutik, idazleari azalpenak ematen.

Urretabizkaiak argazkiekin egindako lanari ere egin dio aitortza Bermejok. "Nik testuekin adina kontatzen du Josebak fotoekin. Indar handia dute irudiek. Egia esan, eleberrietako pertsonaia baten bizitza izan zitekeen Olidenena".

Alkatearen hitzaurrea
Anuska Esnalek liburuaren hitzaurrea egiteko gonbita jaso zuen egileen eskutik. Hunkituta azaldu da aurkezpenean, Oliden familiakoa ere baduelako: "Mimo handiarekin idatzi dut testua, emozioa eragin didan zerbait izan da. Liburuak balioan jartzen ditu olidendarrek irabazitako 33 Kontxako banderak, eta aldi berean, jasota geratuko da Ortzaikan errioa modu berezian bizi zuen familia baten bizitzaren zati bat".

Liburuak herri mailan duen balioa ere azpimarratu du alkateak: "Gure aurreko belaunaldiengandik jaso dugun guztiari aitortza egiten dio argitalpenak; kasu honetan, arraunari lotutako ondare kulturalari. Halako liburuak garrantzitsuak dira, transmisioa eten ez dadin. Alkate modura, ohorea da liburu hau eskuartean izatea, gure herriaren parte delako, eta iloba bezala are gehiago".

Gaurko ekitaldia Olideni omenaldia egiteko baliatu nahi zen, baina protagonistak ezin izan du Arraunetxen egon. Horregatik, alkateak eta Josu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak bisita egin zioten atzo, liburua eta oroigarria eskura emateko. "Ortzaika aldeko istorio eta kontu gehiago ezagutzeko aukera izan dut egunotan, eta harrigarria da Antoniok eta etxekoek lortutako eta bizitako guztia. Horiengatik eta beste askorengatik dauka Oriok toki berezia arraun munduan. Halako omenaldiak hil eta gero egiten dira sarritan, eta ederra da Antoniok honetaz guztiaz gozatzeko aukera eduki izana", bukatu du presidenteak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!