"Orioko Kanpina familia girorako oso egokia dela entzuten diet bisitari askori"

Iñigo Gaiton 2021ko mai. 22a, 15:58

Jon Amenabarrek (Orio, 1981) hemezortzigarren denboraldia du Orioko Kanpinean. KARKARAk belarra mozten harrapatu du, arratsalde eguzkitsuan; lehen begiratuan, udaberriak kanpineko bazter guztietan egiten du bor-bor.

Eguraldi honekin, kanpina ez da lanerako tokirik txarrena izango.
Aire zabalean lan egiteak alde on asko ditu, bai. Horrez gain, bisitari gehienak opor giroan etortzen dira hona, eta aldartea ere halakoxea izaten dute, alaia eta lasaia gehienetan. Ez da lantoki txarra, ez.

Zer lanetan jarduten duzue mantenuko langileok?
Belarra mozten egiten dugu denbora gehiena. Kanpinak lur eremu zabala du, eta belarra sarri moztu behar izaten da; urte garai honetan, are maizago. Landaresiak ere bai. Gero, bungalowetan konponketak egitea ere tokatzen zaigu, zaborra biltzea, pintaketak egitea, igerilekua txukun mantentzea... Denetik.

Lehor antzerakoa ari da izaten udaberria. Belarra ondo ari al da hazten?
Azken egunetan motelduta igarri dut. Martxoan indar handia zuela iruditu zitzaidan, lehen mozketa egindakoan. Orain, ura ere bota behar izan diogu, toki batzuetan ez delako ari ondo hazten. Egia esan, udaberrian ura bota behar izatea ez da ohikoa izaten hemen.

Gauez ere egoten zarete kanpineko sarreran, sereno modura. Misteriorik biltzen al du gauak hondartza alde honetan?
Aurten, sekula baino gutxiago. Etxeratze ordua hamarretan jarri zutenetik, arimarik ere ez da ibiltzen inguruan. Kanpineko kasuan, bezeroek hamarretarako haien partzeletan egon behar izaten dute. Guk gaueko hamaiketan hasten dugu gaueko txanda, eta egun askotan, goizeko zazpiak arte ez dugu inor ikusten.

Dena den, bai, normalean izaten dira anekdotak edo gertaera xelebreak, batez ere uda aldean: gauez igerilekura salto egin duen jendea, kanpinera balantzaka iritsi denari partzelaraino lagundu behar izatea... Kanpinean gertatzen dena, kanpinean geratzen da! Kar-kar.

Autobide azpian autokarabana pilaketa handia izan zen Aste Santuan. Atzeman al duzue hori kanpinean ere?
Autokarabana kopuruaren gorakada ez nuke aurtengo urtera bakarrik mugatuko, duela hamar urte hasi baitzen joera hori, eta areagotzen jarraitzen du. Furgonetekin ere antzekoa gertatu da. Aste Santuari dagokionez, hala da, aurten adina autokarabanarik ez dut sekula ikusi autobide azpian.

Orioko Kanpinak zer bereizgarri du bisitarientzat?
Ondo zaindutako tokia dela esaten dute askok, eta oso garbia; maiz azpimarratzen dute bezeroek garbitasunaren kontua. Dirudienez, arreta pizten du hemengo txukuntasunak. Gero, inguru oso lasaian dago kokatua, eta familia girorako oso egokia dela entzun diet askori.

Kanpin zaharra faltan bilatzen duen nostalgiko askorekin egiten al duzu topo?
Lehengo kanpinean izaten zen giroa faltan botatzen dutenak badaude, mugimendu eta bizi handia zuelako, baina bezeroen tokian jarrita, uste dut kanpina orain hobeto dagoela; instalazio eta zerbitzu aldetik bai, behintzat. Jendea oso gustura sumatzen dut.

Azken bi hamarkadetan kanpina asko aldatu dela bistakoa da.
Kanpina txikitzeko obra egin zenean egoera zailak tokatuko ziren, toki finkoa zuen jende bat partzelarik gabe geratu zelako. Liskarrak ere izan ziren, jende askorentzat oso berezia zelako kanpina. Murrizketa hori albora lagata, kanpinak gerora eboluzio ona izan duela esango nuke, aldaketa etengabean egon baita. Urte asko dituzten instalakuntzak eraberritu egin dira, bungalowak jarri ziren, elektrizitateko zirkuitu osoa berritu da, eguzki plakak ere badaude jarrita harrerako eraikinean... Normala den bezala, aldaketak onartzea kostatu egiten zaio jendeari hasieran, baina bezeroen ongizateari begira jarrita, kanpinak asko irabazi duela iruditzen zait

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!