'Etorkizuneko erronkak; aukerak eta joera berriak' jardunaldia antolatu du Ukuek

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 23a, 08:29

Maiatzaren 27an egingo da eskualdeko enpresei eta ekintzaileei zuzendutako ekimenaren lehen jardunaldia.

Urola Kostako Udal Elkarteak azaldu duenez, izurriteak sortutako krisi-testuinguruak paradigma aldaketa eragin du, osasun larrialdiaz haratago. "Ezinbestekoa da etorkizuneko aukera eta joera berriei arretaz begiratzea; bai, behintzat, Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko helburuekin lerrokatutako garapen sozioekonomikoan eragin nahi bada", azaldu dute.

Hori dela eta, bi jardunaldi antolatu dituzte, 'Etorkizuneko erronkak; aukerak eta joera berriak' ekimenaren barruan. Aurrenekoa maiatzaren 27an egingo dute 09:30etik 11:30era, online, enpresei eta ekintzaileei bideratuta. Hauek dira jorratuko dituzten gaiak:

  1. Covid-19aren ondorengo testuinguru berriaren aurkezpena.
  2. Ekintzaileentzako nahiz enpresentzako eskualdeko aukera berriak.  
  3. Gipuzkoako etorkizuneko erronkak eta estrategiak
  4. Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuak sektore pribatuan

Lehen jardunaldi horretan Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko presidentea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia eta Clara Clara Izurieta eta Nerea Zaldua IKEI Research & Consultancy-ko kideak arituko dira hizlari. Hemen klik eginda osatu daiteke izen ematea.

Ekainaren 3an bigarren jardunaldia egingo dute, eta arreta berezia jarriko da etorkizuneko lanpostu-profil eta konpetentzietan. Azaldu dutenez, bereziki langabeei eta, oro har, herritarrei zuzendutako saioa izango da. Hemen klik eginda eman daiteke izena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!