TicketBAI sistema euskaraz erabiltzeko deia egin diete denda, taberna eta negozioei

Karkara 2021ko mai. 24a, 09:00

Orioko Udalak gutun bana bidali die dendariei eta ostalariei TicketBAI sistemarako aplikazio informatikoa instalatzerakoan, euskaraz lan egiten duen aplikazio bat aukeratzeko eskatuz.

2022tik aurrera egoitza fiskala Euskadin duten negozio guztiek TicketBAI sistema erabili beharko dute, fakturak sortzeko eta datuak Ogasunarekin konpartitzeko. Negozio guztiek egin beharko dute hori: tabernek, dendek, era guztietako zerbitzuak ematen dituztenek…

Orioko Udalak eta UEMAk jakinarazi dute TicketBAI sistemak aukera ematen duela euskararen normalizazioan "aurrerapauso" bat emateko, "fakturak eta tiketak ere euskaraz sortuz"; baina, jakina, horretarako, ezinbestekoa izango da erabiltzen diren aplikazioek informatikoak euskaraz ere lan egitea. Bi erakundeek azaldu dutenez, "zoritxarrez, aplikazio horietako asko ez daude prestatuta euskaraz erabiltzeko eta, ondorioz, gaztelania hutsean sortzen dituzte fakturak edo tiketak".

Horren aurrean, UEMAk ekimen bat abiatu du, bereziki dendariei eta ostalariei zuzenduta, TicketBAI sistemarako aplikazio informatikoa instalatzerakoan, euskaraz lan egiten duen aplikazio bat aukeratu dezaten. Udalak bat egin du ekimenarekin eta gutun bana bidali die herriko dendari eta tabernari guztiei, eskari zehatz hau eginez: "TicketBAI sistema zure negozioan ezartzeko garaian, euskaraz erabili daitekeen aplikazio informatikoa aukeratu ezazu, gero tiketak eta fakturak euskaraz sortu ahal izateko. Kontuan hartu zure bezero gehienak euskaldunak direla".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!