Orion eta Aian ez da positiborik izan atzo egindako frogetan

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 26a, 13:51

32,62 eta 50,38 dira intzidentzia tasak Orion eta Aian, hurrenez hurren. Eskualdean, zortzi positibo detektatu dituzte guztira.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, Orion eta Aian ez da koronabirus kasu positiborik izan azken orduetan. Intzidentzia tasa baxuarekin jarraitzen dute bi herriek; 32,62 da tasa Orion, eta 50,38 Aian.

Urola Kostari dagokionez, zortzi kasu positibo atzeman zituzten atzo egindako PCR eta antigeno probetan. Aipatu zortzi kutsatze horiek Azpeitian eta Zarautzen detektatu ziren, launa udalerri bakoitzean. Emaitza honek ez du aldatu bakoitzak zuen herri bakoitzak zuen kolorean, baina bai intzidentzia tasan: Azpeitiak eremu laranjan jarraitzen du, eta herenegun 302,32tik 308,80ra igo bazen, orain 328,52an kokatu da. Zarautzen, ordea, 214,16tik 205,59ra jaitsi da tasa, eta eremu horian dago oraindik.

Eskualdeko gainerako herrietan ez da kasu positiborik izan azken orduetan, eta horren beheranzko joera ekarri du intzidentzia tasetan. Azkoitian jaisten ari da indizea, eta 484,02an kokatu da, baina gaur-gaurkoz eremu gorrian jarraitzen duen Urola Kostako herri bakarra da. Gainontzeko herriak, berriz, gune kritikotik kanpo daude: Aizarnazabalen eta Beizaman 0 da tasa, Errezilen 966,18, Getarian 70,67, Zestoan 205,44 eta Zumaian 152,64.

Egoerak mantentzera egin du

Hego Euskal Herrian kutsatze kopurua areagotu egin da azken orduetan, eta egoerak mantentzera jo du. Guztira, 10.989 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 432 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (228), eta ondoren, Gipuzkoan (121), Nafarroan (52) eta Araban (29). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko herritarren positibo zenbatu zituen Osakidetzak. Positibotasun tasak ere %5etik beherakoa izaten jarraitzen du; %4,3 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,4 Nafarroan.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 191 dira COVID-19agatik ospitaleratuta dauden gaixoak, eta 111 pertsona ZIUetan daudenak. Nafarroako erietxeetan, berriz, 64 pertsona daude, eta horietako hamahiru eri ZIUetan daude.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!