Orioko Udalak antolatutako kultur agendaren barruan, Zuhaitz Gurrutxagak bakarrizketa egingo du Arraunetxen ekainaren 11n, 19:00etatik aurrera. Aforo mugen ondorioz, 70 sarrera jarriko dira eskuragarri, eta 5 euro balioko dute txartelek.

«FutbolisTOK» bakarrizketa

Zuhaitz Gurrutxaga Real Sociedad futbol-taldeko jokalari izan zen eta, orain dela urte batzuk, «Futbolisto baten konfidentziak» izeneko bakarrizketa bat prestatu zuen, futbolari garaiko anekdotak eta pasadizoak kontatzen zituena. Orain, bere lehen bakarrizketa hartako zati batzuk berreskuratu ditu eta beste ikuskizun bat osatu du, bizipen eta anekdota berriak gehituz.

Futboleko kontuez gain, futbolari garai hartan diagnostikatu zioten Asaldura Obsesibo-Konpultsiboaz ere hitz egingo du Gurrutxagak (gazteleraz, TOC esaten zaio: Trastorno Obsesivo-Compulsivo; hortik, bakarrizketaren izenburua), betiere umorez eta berezkoa duen estilo biziarekin, bere buruari barre eginez.

Bakarrizketa berriak oso harrera ona izan du aurkeztu den tokietan.