Martin Iriondo omendu du Orioko Udalak Espainiako txapelketa irabazi izanagatik

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 26a, 20:38

Iriondok martxoan irabazi zuen Espainiako txapelketako 3.000 metroko proba, baina izurritearen ondorioz ez zitzaion omenaldirik egin. Gaur arratsaldean jaso du oroigarria udaletxean, udal ordezkariak eta korrikalari gaztearen gertuko jendea bildu den ekitaldian.

Martin Iriondo korrikalari gaztea omendu du Orioko Udalak, gaur arratsaldean udaletxean egin den ekitaldian. Horrela, aitortza egin nahi izan diote lasterkariak martxoaren 21ean irabazitako Espainiako txapelketari. Pista estaliko 3.000 metroko progan gailendu zen Iriondo, Oviedon jokatutako lehiaketan.

18:30ean eman zaio ekitaldiari, eta Iriondok Jose Anjel Iparragirre Kirol batzordeburuaren eskutik jaso du oroigarria. Anuska Esnal alkatea ere han izan da, eta omenduak Kamel Ziani Atletismo Taldeko kideak, entrenatzaileak eta etxekoak izan ditu ondoan.

Esnalek azpimarratu du garrantzitsua dela Iriondok lortutakoa, baina are balio handiagoa duela herrian atletismoaren bueltan sortu den eskolak: "Handia da Martinek Espainiako txapelketa irabazi izana. Horrez gain, haur eta gaztetxoak elkarrekin entrenatzen ikusteak ere poztu egiten gaitu, kirolarekiko maitasuna elkarbanatuz. Korrika dabilen jendearen artean giro eta zaletasun handia sortu da, eta ohorea da guretzat Martin hurrengo belaunaldientzako oinarriak jartzen ikustea". Hitzartzea bukatu aurretik, gogor entrenatzen jarraitzera animatu du Iriondo.

Iparragirreren hitzetan, "zailtasun handia" du Iriondok aurten lortutakoak. "Arraunak pisu handia izan du Orion betidanik, eta aurrerantzean ere gure babesa izango du beti, baina polita da beste kiroletan ere herritarrak aurrera egiten ikustea, eta horiei ere bultzada eman nahi diegu. Horren adibidea da gaurko omenezko ekitaldia", mintzatu da.

Kirol batzordeburuarentzat, Kamel Ziani Atletismo Taldearen lorpena da, hein handian, Iriondoren garaipena. "Orain emakumezkoen taldea ere osatu dute elkartearen barruan, eta martxan jarri den mugimendua ona da herriarentzat. Orio beti izan da herri kirolaria; arraunaz gain, futbolean ere lan handia egin izan da beti. Orain, pozgarria da, besteak beste, Orio Eragin Eskubaloia elkartekoak egiten ari diren bidea ere ikustea".

Espero gabeko omenaldia
"Ez nuen espero halako ekitaldirik. Pozgarria da arraunaz gain beste kiroletako lorpenei ere udalak balioa ematen diola ikustea", hasi da hizketan Iriondo pozarren. Aurtengo denboraldia "borobila" ari da izaten berarentzat: "Lehen lasterketetan Euskadiko errekorra lortu nuen, gero ondo jarraitu genuen lanean, eta horri esker gailendu nintzen Espainiako txapelketan martxoan". 

Pista estalian irabazi zuen txapelketa Iriondok, 200 metroko zirkuituan. Udan Lleidan izango da aire zabalean egingo den 3.000 metroko Espainiako txapelketan, eta han zirkuituak 400 metro izango ditu. "Oraindik hilabete eta erdi dugu aurretik entrenatzen jarraitzeko. Aste honetan test modura baliatuko dudan 1.000 metroko lasterketa jokatuko dut, eta hor ikusiko dugu nola nagoen udari begira".

Datorren denboraldian 18 urtez azpikoen mailan egingo du korrika: "Koska bat gora egitea tokatuko zait. Gero eta gogorragoak izango dira lasterketak eta horietan parte hartu ahal izateko gutxiengo denborak".

Gaur jaso duena bezalako omenaldiek "lanean jarraitzeko indarra" ematen dutela aitortu du.

 

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!