Ekainaren 1ean jarriko dira martxan TAO makinak Orion

Karkara 2021ko mai. 28a, 13:00

Ibilgailuaren zerga dagoeneko ordainduta daukaten eta udalarekin zorrik ez duten guztiei, urtero bezala, etxera bidali die aparkatzeko eranskailua Orioko Udalak

Orioko Udalak jakinarazi du ekainaren 1etik irailaren 12ra bitartean (biak barne)egongo direla martxan Herriko TAO makinak. Hala, ibilgailuan aurtengo eranskailua ez daukatenek tiketa hartu beharko dute hondartza inguruan eta futbol-zelaiaren ondoan aparkatzeko. Ibilgailuaren zerga dagoeneko ordainduta daukaten eta udalarekin zorrik ez duten guztiei, urtero bezala, etxera bidali die aparkatzeko eranskailua Orioko Udalak, eta horiek ez dute tiketa atera beharko zehaztutako eremuetan aparkatzeko.

Bestalde, udalak azaldu du ekainaren 15ean emango zaiola hasiera aurtengo udako denboraldiari, eta egun horretan jarriko direla martxan hondartzako zerbitzu guztiak, bai Orion eta bai Gipuzkoako gainerako hondartzetan.