Udaleku irekietan izena eman duten haur guztiak onartu dituzte

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 1a, 10:04
Udaleku irekiak. Izurrite aurreko artxiboko argazkia. (Txurrumuski)

Txurrumuskiko kideek azaldu dute parte hartze handia izan dutela, baina inor kanpoan utzi nahi ez zutenez, azpiegitura gehiago erabiltzeko baimena eman diela udalak. Hala, udaleku irekietako haur taldeak eremu desberdinetan banatuta egongo dira: ludoteka, musika eskola, pilotalekua eta Ikastolako DBHko eraikina.

Atzo iluntzean Txurrumuski Aisialdi Taldeak mezu elektronikoa bidali zien gurasoei, euren seme-alabak udaleku irekietan onartuak izan zirela azalduz. Guraso asko kezkatuta zeuden, hasiera batean jakinarazi zutelako zozketa egingo zutela, uste baino haur gehiagok izena ematen bazuten. Dena dela, haur guztiak onartuak izan daitezen ahalegina egin du Txurrumuskik. Olatz Lizaso HH2 eta HH3ko ikasle taldeen arduradunak azaldu duenez,  "parte hartze handia izan dugu, baina inor kanpoan utzi nahi ez genuenez, Orioko Udalarekin hitz egin genuen azpiegitura gehiago eskatzeko. Uneoro jarrera oso ona izan du udalak eta udaleku irekietarako ludoteka, musika eskola, pilotalekua eta Ikastolako DBHko eraikina erabiltzeko baimena eman digute".

Txurrumuskiko kideek, gainera, azaldu dute COVID-19aren aurkako babes eta segurtasun neurriak erabiliz, haurrek aire librean jarduerak egiteko eta ondo pasatzeko aukera izango dutela udan. "Herriko familiek uda sasoian haurrak udaleku irekietara eramateko beharra eta gogoa dute, baina aurtengoak ez du zerikusirik izango aurreko udako zaintza zerbitzuarekin. Iaz burbuila taldeak mantentzen saiatu ginen eta horretarako areto itxietan bildu ginen. Aurten, berriz, haurrek aire zabalaz eta jolasez gozatzea nahi dugu, beti ere burbuila taldeak mantenduz. Uste dugu haurrek udaz gozatzeko eta oso ondo pasatzeko aukera izango dutela. Udaleku irekiak hasteko irrikaz gaude, beraz", adierazi du Lizasok.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!