Orioko Ikastolako lau ikasle saritu dituzte Gipuzkoako Eskolarteko Idatzizko Bertso Txapelketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 3a, 11:43

Lehen saria lortu dute Malen Gurrutxagak, Oier Iruretagoienak eta Manex Guenetxeak, eta bigarren saria Eki Arregik.

Ekainean izan da Gipuzkoako Eskolarteko Idatzizko Bertso Txapelketa, eta bertan parte hartu dute Orioko eta Aiako haurrek, eskualdeko beste eskoletako ikasleekin batera. Orioko Herri Ikastolako ikasleek, gainera,  emaitza onak lortu dituzte, hiru ikaslek lehen postua lortu dutelako, eta beste batek bigarrena. Orioko Errikotxia Bertso elkartetik azaldu dutenez, txapelketan adinaren arabera ariketa ezberdinak egin behar izan dituzte ikasleek eta aurtengo edizioko emaitzak benetan "poztekoak" izan direla uste dute.
 
EMAITZAK
2011-2012 urteetan jaiotakoak
1 saria: Malen Gurrutxaga Lete (Orioko Herri Ikastola)
2 saria: Maia Senosiain (Zumaia HLHI)
 
2009-2010 urteetan jaiotakoak
1 saria: Oier Iruretagoiena Iribar (Orioko Herri Ikastola)
2 saria: Eki Arregi Iribar (Orioko Herri Ikastolsa)
 
2007-2008 urteetan jaiotakoak
1 saria: Manex Guenetxea Manterola (Orioko Herri Ikastola)
2 saria: Enaitz Manterola Latienda (Usurbilgo Udarregi Ikastola)
 
2003-2006 urteetan jaiotakoak
1 saria: Harri Agirresarobe Rivadeneyra (Usurbilgo Udarregi Ikastola)
2 saria: Mikel Ostolaza (Etxebeltz Bertso Eskola, Zarautz)
 
Azken urteetan Errikotxia Bertso Elkartea, Orioko Herri Ikastolaren laguntzarekin, lan handia egiten ari da herrian bertsolaritza suspertzeko, eta herriko haurrentzako ikastaro ezberdinak antolatzen dituzte urte osoan zehar. "Egindako lanaren emaitzak orain ari dira azaltzen. Benetan eskerrak eman behar zaizkie Iñaki Gurrutxaga eta Aner Peritz irakasleei aurten egindago lanagatik eta txalo handi bat eman gure txapeldunei eta haiekin batera astero-astero bertsotan jarduten diren haur bertsolariei. A ze nolako taldea osatzen duten! Jarraitu horrela!", azaldu dute Errekotxiako kideek.
 
Bertsolaritzaren haria eten ez dadin, datorren ikasturtean ere bertso-eskola martxan izango da norberaren mailaren arabera osatututako taldeekin. "Esperientziak erakutsi digu haurrei aukera emanez gero, aprobetxatu egiten dutela, beraz, hemendik animatzen zaituztegu, interesa izanez gero, Errikotxiako edonorekin harremanetan jarri eta datorren kurtsoan bertso-eskolara apuntatzera", adierazi dute elkarteko kideek.
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!