Orioko emakumezkoek beraien nagusitasuna erakutsi dute Lekeition

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 6a, 15:05
Orioko emakumeak Lekeitioko Banderarekin. (Lekeitiko Udala)

Gizonezkoen trainerua bosgarren postuan sailkatu da, Hondarribia garaile izan den estropadan.

Lekeitioko gizonezkoen 42. eta emakumezkoen 10. banderen estropadak jokatu dituzte gaur goiz-eguerdi partean hainbat euskal traineruk, asko eta asko goiko mailetan lehiatzen direnak, denboraldi berrirako test moduan baliatuta. Orio Arraunketa Elkartea bi ontzirekin aurkeztu da hitzordura, eta zapore gazi-gozoarekin geratu da.

Gozoarekin, emakumezkoek aurreko bi urteetako dinamikarekin jarraitzen dutelako, beraien arraunketa serioa eta dotorearekin, eta denboraldi-aurrea garaipen batekin hastea beti ematen duelako konfiantza handia. Lekeition, Donostiarra eta Hondarribia baino gehiago izan dira, 9 eta 13 segundoko aldea atera diete, eta bandera irabazi dute.

Gizonezkoak azken txandan aritu dira, Hondarribia, Zierbena eta Urdaibairekin batera, baina haizeak arrotz jo du estropadan zehar, eta gorabeherak egon dira. Azkenean, oriotarrak laugarren izan dira, baina aurreko txandan aritu den Donostiarrak denbora hobea egin duenez, bosgarren bukatu du sailkapenean. Gazia, beraz, alde horretatik. Edonola ere, liga uztailean hasiko da, eta oraindik hilabete dago eskifaia puntuan jartzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!