Hasi da uda denboraldia hondartzan

Karkara 2021ko eka. 15a, 09:10
Antilla hondartza, iaz.

Aldundiak bideokameren bidez kontrolatuko du hondartzetako edukiera; izan ere, mugatuta egongo da. NikHondartzak aplikazioan nahiz Abaromendiko errotondako semaforoan begiratu ahal izango da zenbateraino dagoen beteta Antilla hondartza.

Gaur hasiko da uda denboraldia hondartzetan. Bigarren urtez, COVID-19aren eraginez hartutako neurriek baldintzatutako denboraldia izango da. Gipuzkoako kostako gainerako hondartzetan bezala, edukiera kontrolatuko dute aurten ere Orioko Antilla hondartzan, eta iaz hartutako irizpide nagusiak mantenduko dituzte oro har.

Aldundiak bideokameren bidez kontrolatuko ditu hondartzetako eremuak, eta edukiera mugatuta egongo denez, NikHondartzak aplikazioaren bidez zehaztuko dute, unean-unean, zein den hondartza bakoitzeko betetze maila. Aplikazioa martxan dago jada. Eskualdeko udalek, aldundiak hartutako neurriez gain, hondartza bakoitzeko arauak gogorarazi dituzte.

Aldundiaren neurriez gain, Orion izango diren arauen berri eman du jada udalak. Txurrukako hondartza itxita egongo da irailaren 15era arte, iaz bezala. Antilla hondartzako okupazio maila, NikHondartzak aplikazioan eta Abaromendiko biribilgunean ezarriko duten semaforoan kontsultatu ahal izango da.

Hondartzaren bi aldeak izango dira sarrera-irteerak, eta erdigunea hesitu egingo dute. Hondartzaren eskuinaldeko dutxen eta komunen kabinak zabaldu egingo dituzte aurtengoan, iaz ez bezala. Gainera, erabiltzaileek bertan utzi ahal izango dituzte udan aulkiak edota surfeko oholak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!