Urrezko hiru domina irabazi dituzte oriotarrek Gipuzkoako asteburuko txapelketan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 15a, 16:30
Martin Iriondo, joan den igandean. (Utzitakoa)

Ibai Agirrezabal, Sunahi Huegun eta Martin Iriondo gazteek lortu zituzten urrezko dominak Donostian. Iriondok, gainera, Espainiako Estatuko urteko markarik onena lortu zuen 3.000 metroko proban.

Igandean, ekainaren 13an, Gipuzkoa mailako atletismo txapelketa garrantzitsua izan zen Donostian, Gipuzkoako Atletismo Federazioak antolatuta. 16 urtez azpikoak, 18 urtez azpikoak, 20 urtez azpikoak eta masterrak lehiatu ziren. Han izan zen Orioko Kamel Ziani atletismo taldea ere, eta ez zen esku-hutsik itzuli etxera, inondik inora ere: urrezko hiru domina eta brontzezko bat eskuratu zituzten oriotarrek, hain zuzen, Ibai Agirrezabalek, Sunahi Huegun Arrutik, Martin Iriondo Lizasok eta Kamel Ziani Huasisik.

16 urtez azpikoen artean, 100 metroko proban nagusitu zen Agirrezabal; hurrenez hurren, Ostadarreko Alex Alkainek eta Haurtzaroko Manex Irigoienek egin zuten bigarren eta hirugarren lehia horretan. Huegunen kasuan, 16 urtez azpikoen artean, 600 metroko proban sailkatu zen lehenengo, Rec Valdizarbe-GANA taldeko Adrian Martinezen eta Txindokiko Eneko Oliveiraren aurretik. Iriondo, aldiz, 3.000 metroko proban izan zen garaile 16 urtez azpikoen artean. Atletico San Sebastian taldeko Sergio Romanek eta Orioko taldeko Kamel Zianik lortu zituzten bigarren eta hirugarren postuak proba horretan, hurrenez hurren.

08:50 denbora eginda, Espainiako Estatu mailako urteko markarik onena lortu zuen Iriondok.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!