"Aspaldiko ametsa" bakarkako disko bihurtua

IƱigo Gaiton-Mireia Galarza-Gorka Eizagirre 2021ko eka. 16a, 11:00

Bederatzi abestirekin osatu du oriotarrak Iratz kantu bilduma. Ostiralean aurkeztuko du jendaurrean, taldearekin batera Arraunetxen emango duen kontzertuan. 

Iratz Urkizu oriotarrak lehen diskoa plazaratu du, Bide Batez taldearekin hiruzpalau urtez erromerietan kantari jardun eta gero. Besteen abestiak kantatzetik bereak egitera pasatu da, eta pozarren dio «aspaldiko ametsa» bete duela.

Iratz izenburuarekin atera da kalera musikariaren lehen lana. Jakitera eman duenez, iaz, izurriaren testuinguruan iritsi zitzaion aurreneko doinuak sortzen hasteko unea: «Gitarra jotzen ikasteko gogoa nuen aspalditik, eta udaberriko etxeratze agindua aprobetxatu nuen horretarako. Besteen kantuekin trebatzeari ekin nion, eta oinarrizko akordeekin moldatzen nintzela ikusitakoan, nire kantuak sortzen hasi nintzen».

Diskoko zortzi pieza dira berak konposatutakoak, eta bederatzigarrena Imanol Urkizuren abesti baten bertsioa da, bere aitarena. «Hil zitzaigun osabari eskaini zion aitak Bizitzarekin lehian kantua. Etxekoentzat abesti berezia izan da beti, eta tokia egin nahi izan diot», azaldu du emozioz. 
Diskoko abestien doinu guztiak bereak diren arren, hitzak ingurukoei eskatu dizkie: «Ez dut erraztasunik idazteko, eta nahiago izan dut abestien hitzak besteen esku utzi. Itzea Urkizu lehengusuak eta Xabier Sukia bertsolariak egin dituzte. Kirmen Uriberen poema bat ere musikatu dut».

Urkizuri etxetik datorkio musikarako grina. Aiton-amonek Orioko otxotean eta abesbatzan kantatzen zuten, eta aitak ibilbide oparoa du panderoarekin. Horrez gain, bakarlari modura ere plazaratu zuen kantu bilduma bat Imanol Urkizuk 1996an, Bakarrik nindoala, eta hark eman zion alabari kantuak egiten hasteko bultzada.

Azaldu duenez, «etxeko» gehiagok ere parte hartu dute diskoaren sorkuntza prozesuan, eta Sentipenak giltzapean kantuaren bideoklipean haiek inguratuta ikus daiteke abeslari gaztea. «Etxahun Urkizu lehengusuak grabatu du bateria, eta Ainhoa Urteaga lehengusinak pianoa. Gitarra jotzailea ere oso gertukoa dut, Bide Batez taldeko laguna», aletu ditu partaideak. «Urtzi Garmendiak egina da bideoklipa, beste lehengusu batek. Egia esan, luxua da etxean halako artistak izatea. Ondoan nahi izan ditut hasieratik», gehitu du.

Oholtzan, ostiralean

Ostiral honetan musikaria estreinako aldiz igoko da oholtzara bere abestiak kantatzera: «Kristorena iruditzen zait aurreneko kontzertua Aurrenetxen ematea, herrian, etxekoen eta herriko lagunen aurrean».

Irrikaz mintzo da, aspaldian zain egondako momentua noiz iritsiko. Urduritasuna sentitu arren, aldeko izango du azken urteetan erromerietan zaildu izana. «Eskarmentu handia hartu dut Bide Batez taldearekin. Lau orduko saioak ere egin izan ditugu, bi orduko bi zatitan. Plazaz plaza ibiltzea eskola handia da, eta lagungarria izango zait ostiraleko saioan», dio baikor. Momentu honetan bere proiektua lehenetsi arren, erromerietan abesten jarraitzeko asmoa du, osasun neurriek utzitakoan: «Osasun krisia dela-eta, Bide Batez bezalako talde batentzat zaila da kontzertuak ematea, erromerian publikoa eserita izateak ez duelako inolako zentzurik».

Urkizuk hilaren 4an eman zuen argitara Sentipenak giltzapean singlea, eta abestiaren bideoklipak 10.000 ikustaldik gora izan zituen Youtuben lehen hiru egunetan. «Harrituta nago harrerarekin, ez nuen halakorik espero». Orain, disko osoa kalean izanik, datozen hilabeteetarako kontzertuak lotzen saiatuko da: «Badira interesa agertu duten udalak, eta ea emanaldiak egiteko zortea dugun. Inbertsio handia egin dut amets hau egia bihurtzeko, eta gogor saiatuko naiz aurrera ateratzen».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!