#nioriorekin bazkidetza kanpaina aurkeztu du Orio Arraunketa Elkarteak

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 17a, 13:45

Gaur goizean aurkeztu da plazan herriko aurpegi ezagun ugari biltzen dituen kanpaina. Bazkide berriak lortzeko eta estropalariei babesa emateko helburuarekin jarri da martxan.

Bazkide kanpaina berria abiatu du Orio Arraunketa Elkarteak gaur goizean: #nioriorekin. Hamaiketan eman zaio hasiera aurkezpen ekitaldiari, eta arraun elkarteko ordezkariek ondoan izan dituzte kanpainan parte hartu duten aurpegi ezagunak.

Xabier Sukia Orio Arraunketa Elkarteko komunikazio arduradunaren esanetan, bi helburu ditu kanpainak. Batetik, era guztietako bazkide berriak lortu nahi dituzte —herritarrak, herriko negozio txikiak, enpresak...—; bestetik, traineru denboraldia hasteko gutxi falta dela-eta, estropalariei babesa eta animoak emateko baliatu nahi dute ekimena. "Herriak babes eta berotasun handia eman zion Imanol Alguacili Errege Koparen finalean, eta hor sortu zen hazia ernetzea bilatu nahi da kanpainarekin. Herria beti egon da arraunlarien ondoan, momentu onetan eta txarretan. Indar hori gorpuztu egin nahi dugu ekimen honen bidez", eman du jakitera Sukiak.

Herriko txoko desberdinetan ikusiko diren kartelak egin dituzte kanpainarako, aurpegi ezagunekin. Imanol Alguacil, Ohiana Blanco, Ixiar Oliden, Imanol Agirretxe, Joxe Antonio Gutierrez, Andoni Campos, Marina Gaztañazpi, Sandra Piñeiro eta Jon Azkue dira argazkietako protagonistak, hain zuzen ere.

Aurpegi horiek guztiek balio desberdinak ordezkatzen dituzte, Sukiaren esanetan: "Kirolarien diziplina, aurrera egiteko gaitasuna, negozio txikien indarra, arraun eskola, arraunlari lotutako boluntariotza...".

Kartelekin batera, bandera txiki batzuk ere egin dituztela adierazi du Josu Esnaola Orioko AEren presidenteak, eta horiekin ere egitasmo bat abiatzeko asmoa azaldu du: "Gure babesleek bideo bana grabatu dute banderak eskuan dituztela, eta zaleak gauza bera egitera animatu nahi ditugu, gero gure sare sozialetan elkarbanatzeko. Laster egongo dira salgai bandera txikiak".

Bazkidetza motak
Orio Arraunketa Elkarteko bazkide izateko kuotak ez du aldaketarik izango norbanakoentzat, gaur plazaratu dutenez. 18 urtez azpikoentzat urtean 30 euroko kostua izango du bazkide izateak, eta 18 urtez gorakoentzat 60 eurokoa. Sukiaren hitzetan, txartel berri bat aterako dute laster; hori erakutsita, zenbait deskontu eta abantaila izango dituzte bazkideek.

Horrez gain, herriko negozio txikiei begira bazkidetza mota berria jarri dute martxan. "Hiru traineruetako patroien paletan jarriko ditugu interesa duten herriko negozio txikien izenak. Patroiaren sinboloak indar handia du, eta toki hori eman nahi diegu herriko negozio txikiei, guretzat ere haiek garrantzia handia dutelako herriaren bizitzan", eman du jakitera Sukiak.

Enpresa handiagoei begira ere baditu berritasunak kanpainak. '14 palak' deitu dioten ekimenarekin, estropalari guztien palak enpresekn babesaren adierazgarri izatea nahi dute, eta azaldu dutenez, ateak zabalik dituzte interesa duten enpresa berrientzat.

Orioko Udalaren laguntza eskertuz eta arraun eskolaren garrantzia azpimarratuz itxi dute ekitaldia Orio AEren ordezkariek. "Guretzat garrantzia bera dute goi mailako arraunak eta gaztetxoen arraun eskolak. Orion betidanik asko egin den arren, aurrerantzean indar handiagoa eman nahi diogu harrobiko lanari, eta arraun eskolarako diru-bilketa egiteko zozketa bat antolatu dugu. Gaztetxoek salduko dituzte datozen egunetan txartelak, eta kamiseten banaketen egunean emango dira argitara irabazleen izenak. Biltzen den diru guztia arraun eskolara bideratuko da", bukatu du presidenteak.

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!