Imanol Alguacil: "Herriarengandik jaso dudan maitasuna itzultzeko aukera bat da"

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 17a, 13:34

Imanol Alguacil da Orio Arraunketa Elkartearen bazkidetza kanpaina berrian parte hartu duen aurpegi ezagunetako bat. Realeko entrenatzailearen hitzetan, "gustura" dago gonbita jaso izanagatik.

Nolatan animatu animatu zara parte hartzera?
Oriotarra naiz, eta asko sentitzen dut herriarekin lotutako guztia. Parte hartzeko gonbita jasotakoan, zalantzarik gabe eman nuen baiezkoa. Gustura nago parte hartzeko aukera izan dudalako, eta arraun elkarteari laguntzeko prest. Bultzada behar dute arraunlariek eta elkarteak, eta ea jendea animatzen den laguntzera.

Herriak babes zabala eman dizu Realarekin egindako azken denboraldian. Orain, zuk egon nahi izan duzu estropalarien ondoan.
Askotan esan izan dudan modura, herrian oso maitatua sentitu izan naiz betidanik. Herriari maitasuna bueltatzeko modu bat da hau.

Laster hasiko da traineru denboraldia. Zer tankera hartzen diozu?
Arrauna ez du asko ulertzen teknikoki, baina nire bultzada beti izan dute etxeko traineruek. Gogotsu nago estropadak ikusteko. Zer tankera? Salsamendi entrenatzailea hor dago, hari galdetu...

Entrenatzaile modura, parekotasunik ikusten al diezu arraunari eta futbolari?
Teknikoki oso kirol desberdinak dira, baina talde indarrak garrantzia handia du bietan. Pertsonak dira bi kiroletan lehiatzen direnak, eta jakin egin behar da bakoitzarekin eta talde osoarekin harremanak kudeatzen. Alde horretatik, bi kirolak berdintsuak izango dira.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!