Izaskun Zendoia: "Halako sariek indarra ematen dute nazioarteko merkatuei begira"

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 20a, 11:00

Katxiña bodegak urrezko domina lortu du Alemanian egiten den nazioarteko Mundus Vini lehiaketan. Izaskun Zendoiaren hitzetan, "pasioz" egin dute lan azken urtetan, eta sariak indarra emango die izurriak emandako kolpeari aurre egiteko.

Aste honetan, Katxiña bodega urrezko dominarekin saritu dute Mundus Vini nazioarteko lehiaketan. Alemanian antolatzen da ekimena, eta dastatzaileek mundu osoko ardoak probatzen dituzte, Katxiña bodegako Izaskun Zendoiak azaldu duenez. Gero, puntuazioen arabera, brontzezko, zilarrezko edo urrezko dominak ematen zaizkie ardoei; maila ematen ez dutenak, aldiz, saririk gabe geratzen dira.

"Lehenago ere eman ziguten brontzezko domina lehiaketa honetan, eta aurten urrea jaso dugu", azaldu du Zendoiak pozarren. "Nazioartean txakolina hobeto saltzen laguntzen dute halakoek. Atzerrian, sari edo bereizgarririk ez baduzu, zaila da komertzialen arreta piztea", eman du jakitera.

Berarentzat, "ikasketa prozesua" da azken urtetan bodegan bizi izan duten guztia: "Ahalik eta txakolinik onena egitea izan da gure helburua hasieratik, eta horrek lan ikaragarria du atzean. Prozesuaren urrats guztietan jarri behar da arreta ikaragarria ardo ona egin ahal izateko, eta oso gustura gaude, lan-taldea pasio handiarekin ari delako lanean".

Aurrera begira, baikor azaldu da: "Hemen eta atzerrian gustatzen den txakolina egiten asmatu dugu. Saria oso lagungarria izango da pandemiak emandako kolpeari aurre egiteko eta lanerako ilusioa mantentzeko".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!