Herri barruan autoaren erabilera mugatzeko eskatu die Orioko Udalak herritarrei

Karkara 2021ko eka. 24a, 09:41

Udalak uste du herriak tamaina egokia duela batetik bestera oinez edo bizikletaz mugitzeko, eta hori bultzatu nahi du, irtenbiderik "ekologikoena eta osasungarriena" dela iritzita.

Orioko Udalak jakinarazi duenez, herritar askok ohitura du herriko mugen barruan autoz mugitzeko batetik bestera, edozein enkargu egiteko, lagunengana jotzeko edo hondartzara joateko, besteak beste. "Batzuk mugikortasun-arazoak dituztelako egiten dute horrela, eta ondo dago; baina beste askok, ordea, besterik gabe horrela ohitu direlako. Dena dela, herriak tamaina egokia du batetik bestera oinez edo bizikletaz mugitzeko, eta Udalak hori bultzatu nahi du, irtenbiderik ekologikoena eta osasungarriena delako", adierazi dute Orioko Udaleko ordezkariek. Beraz, herritarrei oinez edo bizikletaz mugitzeko eskatu die. "Herriko Plazan eta inguruan egin ditugun aldaketek erakusten dutenez, ahalegina egiten ari gara herria oinezkoentzat erosoagoa eta ibilgarriagoa bihurtzeko, eta aurrerantzean ere bide horretan sakontzeko asmoa dugu", azaldu dute.

Hondartzara ere oinez edo bizikletaz
Iaz herritar askok ohitura hartu zuen hondartzara autoz joateko, kabinetako kontsignak itxita zeudelako eta, autoa han edukiz gero, beren gauzak uzteko erabili zezaketelako. Aurten, ordea, kontsignak irekita daudela eta edozein herritarrek erabili ditzakeela gogoratu du udalak. "Ez dago, beraz, aitzakiarik hondartzara oinez edo bizikletaz ez joateko".

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!