'Oriophile' baten oroitzapenak eta digresioak

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 24a, 16:46

1968tik aurrera, Martin Fowlesek hogeita hamar urtetik gora egin zituen, lagunekin eta familiarekin batera, udak Orioko Kanpinean pasatzen. Herriko zenbaiti ezagun egingo zaion lagun ingelesak argazki zaharrak eta oroitzapenenak elkarbanatu ditu KARKARArekin, memoria ariketa interesgarri bezain eskuzabalean.

Iazko uztailean, Orioko lehen surflariei buruzko erreportajea plazaratu zuen KARKARAk. Lau herritar elkarrizketatu ziren testua osatzeko, Ramon Esnal Etxeberri haien artean. Azaldu zuenez, 60ko hamarkadan ingeles taldetxo bat etorri zen kanpinera, “Martin Fowles eta konpainia” bere hitzetan, eta haiei erositako oholarekin hasi zen surf egiten.

Arrastoari segika, Fowlesen e-postaren helbidea lortu zuen testu honen sinatzaileak, eta mezua jarri zion iazko abenduan, garai zaharretako argazkien eta istorioen gaineko interesa agertuz. Kazetariak egindako kontsulta serio hartu zuen ingelesak, eta hiruzpalau hilabeteko ekinaldiaren ostean, Oriori lotutako oroitzapen eta argazki zaharrak 50 orrialdetik gorako dokumentuan bildu zituen. Material horretako zertzeladekin osatu da erreportaje hau.

Oriophile baten memoriak
Lehen orrian, Fowlesek aurkezpen hau egiten dio orri sortari: “Adinean sartutako surflari, Oriophile, senar, aita eta aire zabaleko jardueren maitale baten oroitzapenak eta digresioak”. Termino jostakari eta, aldi berean, esanahiz betearekin biltzen du hondartza inguruan, kanpinean eta herriko jendearekin bizitako guztia: Oriophile, hau da, oriozale.

1968ko udan izan zen lehen aldiz hemen, gaztea orduan, bost lagunekin batera. Horietako batek Portugalen pasatu zuen aurreko uda, eta itzulerako bidaian Oriorekin egin zuen topo, ustekabean. Donostiatik hurbil zegoen herri arrantzale batean izan zela azaldu zien lagun surflariei, where there was a super beach break and no people! Toki lasaia izatez gain, olatu onak bakar-bakarrik, uretan inor gabe, hausten ziren hondartza paregabea zuela herrixkak, alegia.

Entzundakoarekin liluratuta, hurrengo udan 18 orduko bidaia egin zuten Orioraino, eta ailegatu ziren uneak ez du bazterrean uztekorik: “Zeramika fabrikaren errebuelta hartutakoan, ehundaka lagun zegoen errepidearen bazterretan, autoei geratzeko eginez eta sarrera kobratuz. Telebistako helikopteroa ere bazebilen airean, oker ez banago. Iskanbila hari guztiari ez genion inongo zentzurik hartzen, eta “Camping” errepikatzen genuen behin eta berriz, ordaindu gabe pasatzeko esperantzarekin. Bidaia luzearen ondoren, hondartzara ahalik eta azkarren iristea zen gure nahi bakarra”.

Oriok eta Oxfordek aulki mugikorreko estropadak jokatu zituzten errioan 1968ko uztailaren 18an, eta hori zen zalaparta haren guztiaren arrazoia. Esperotako herri lasaiaren aztarrenik ez zuten aurkituko bisitari gazteek egun hartan.

Olatu onak eta askatasuna
Fowlesen laguna ez zebilen oker, eta gazte kuadrillak aurkitu zuen desiratutakoa: “Antilla hondartzan olatu onak izaten ziren maiz, eta itsasaldia oso handia zenean ibaira ere jotzen genuen surf egitera. Errioko urak izaten zuen kiratsa gogoan dut oraindik”. Marea behera egiten ari zela hartzen zituzten olatuak ibaian, bestela ezinezkoa zelako olatua bukatutakoan pikora arraunean itzultzea, ur korronteen indarragatik. Behin, olatu luze bat hartu eta gero, ura gora egiten sumatu zuen Fowlesek, eta korrontearen alde jarraitu zuen arraunean surf taularekin, herriraino. “Moilan atera nintzen uretatik, eta zerbeza bat hartu nuen Bordatxon. Gero, oinez itzuli nintzen kanpinera, autoa hartu eta plazara oholen bila itzultzeko”.

Garai hartan ez zen surflaririk hemen inguruan, eta bisitari ailegatu berriak sorosleekin tira-biraren bat izatera iritsi ziren. “Bandera gorria askotan jartzen zuten, ez ziguten uretara sartzen uzten. Hitz solteak egiten genizkien frantsesez, eskuekin keinuak, Ingalaterran halako olatuetan ibiltzera ohituta geundela azaltzeko”. Gorputz Hezkuntzako ikasketak egindakoa zen Fowles, eta lehen sorospenen gaineko ezagutzak barneratuta zituen unibertsitate garaitik. “Guarda Playas-ek onartu egin gintuzten azkenean, eta elkarren lagunak egin ginen. Surf oholak uzten genizkien tarteka. Etxera alde egin aurretik, sorosle bati saldu nion nire taula, eta nire lagunek ere gauza bera egin zuten”.

Lehen bidaia hura primerako esperientzia izan zen surflari gazteentzat, eta hurrengo urtean itzuli egin ziren. “Uretan ez zen inor ibiltzen, eta Oriok askatasunaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen zigun”. Nazioarteko aulki mugikorreko estropadak izan ziren 1969an ere, eta herriko giroaz eta festaz bete-betean gozatu zuten bigarren abenturan: “Oxford eta Cambridge izan ziren herrian. Hura giroa, hura gaua! Bordatxo zen gustukoen genuen taberna, eta han ibili ginen. Atzerritar gutxi izaten zen orduan, eta gu ere arraunlariak ginela pentsatuko zuen herriko jendeak”.

“Patatas Porkidoor!”
“70ko hamarraldian, bertako jendea eguraldi eguzkitsu eta beroarekin bakarrik izaten zen hondartzan. Kontzeptu berria zen hori guretzat, Ingalaterran alderantziz gertatzen zelako. Hasierako urte haietan, ez nuke esango Antilla inoiz beteta ikusi genuenik. Dena den, jende pixka bat izango zen hondarretan, patata eta barkillo saltzailea han ibiltzen zelako txanponak irabazten”.

Fowlesen testuak umore izpi ugari ditu, eta dioenez, saltzaileak “Patatas Porkidoor!” ohiu egiten zuen hondarretan batera eta bestera zebilen bitartean. “Urte luzez ikusi genuen hondartzan, eta esaten zuena zehazki ulertu gabe geratu ginen”. Hizkuntza desberdinen arteko talkan galtzen eta irabazten diren gauzen artean urtuko ziren, beste askoren artean, “¡Patatas fritas y barquillos!” marruak, baina ingelesak ondo gogoan ditu oraindik.

Hondartzak gauez ere  eskaintzen zien gozamena: “Gitarrak hartu eta kantuan jarduten genuen, su txikiaren bueltan. Oriotarrik ez zen izaten inguruan gauez, bisitarion ohitura zela zirudien. Guardia Zibila sarritan hurreratzen zitzaigun, eta behin, gitarra eskatu eta flamenkoa jotzeari ekin zion polizia horietako batek”.

Surfik ez zen egunetarako aukera desberdinak zituzten, gozagarriak denak: igerian egin, piraguekin txipiroitara atera, urpean arrainak harrapatu... “Anarri aldean ibiltzen ginen gehien. Arrain asko harrapatu genuen behin, eta sorosleak esan zigun hondartzako txiringito batera eramango zuela jeneroa, han erre eta iluntzean denon artean jateko”.

Etxean zutenarekin konparatuta, beste mundu bat ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan zuten ingelesek hemen. Oriotarrentzat ere, ziurrenik, aparteko mundu batekoak izango ziren haien ohiturak. “Herriko lagun bati oporretara nora joaten ote zen galdetu nion behin. Sekulan oporrik ez zuela izan esan zidan; Orion behar zuen guztia zuela-eta, Bilbo baino urrutirago inoiz ez zela joan”. Herritarrak ere harritu egiten omen ziren, haiek korrokoiak jaten ikustean: “Primerakoak ziren baratzuri pixka batekin erreta”.

Txiringitoak, kanpina, festa
Txiringitoetako istorio eta anekdota ugari ditu Fowlesek oroitzapenen artean. Hogeita hamar urte egin zituen Oriora etortzen, eta tarte zabal horretan, bertako jendearekin —oriotarrekin, kanpineko bisitari euskaldunekin— tratu handia izan zuen, zenbaitekin lagun min bihurtzeraino. Behin baino gehiagotan azpimarratzen ditu euskaldun jendearen eskuzabaltasuna eta gertutasuna. “Txinpartan asko egoten ginen. Ikaragarria zen surf egin eta gero hantxe, The Doorsen abestiekin zerbeza bat edatea, bainujantzi bustia kendu gabe, hurrengo egunean ordaintzeko uzten zigutelako. Harrigarria egiten zitzaigun konfiantza hori. Ez zen ohikoa guretzat”.

Boga Bogakoekin harreman estua egin zuten. “Jaten bukatutakoan puruak eta alkohol botilak jartzen zizkiguten mahai gainean. Ordaindu aurretik, erretakoak eta edandakoak zenbat ziren galdetzen ziguten. Gure hitzean sinisten zuten, eta harreman mota horrek asko esan nahi zuen guretzat. Jatetxeko kamisetak ematen zizkiguten oporrak bukatutakoan”. Gogoan du Guxabin lo egin zuten gaua ere: “Kanpinean tokirik geratu ginen behin, eta taberna itxitakoan han lo egiteko esan ziguten nagusiek”.

Kanpinean izandako bizipenek toki zabala hartzen dute Fowlesen orrietan. Besteak beste, gaur egunera arte irauten duten harremanak egin zituzten han berak eta familiako kideek. “Abegikortasun handiko jendea topatu genuen hasieratik. Euskaldunek edozein aitzakia nahikoa zuten festatxo bat antolatzeko, eta surfaz gain, horrek ere asko erakartzen gintuen. Urteak aurrera eginda, jada seme-alabek genituela, gogoan dut kanpinean antolatzen genuen Umeen Eguna. Primerakoa zen”.

Modernizazioa, agurra
“Txiringito haiek bota izana hondartzaren modernizazioaren ondorio gogorrenetako bat izan zen guretzat. Orain dauden hiru taberna-jatetxeak eraiki zirenean, itxura berekoak denak, ez zen lehengo gauza bera”.

2001ean izan zuen bukaera Fowlesen familiak Oriorekin urtero zuen zitak, gerora bisita bakanen bat edo beste egin izan duten arren. “Hondartza ingurua asko aldatu zen urte gutxian, eta eskoilera berriaren ondorioz olatuen kalitatea asko jaitsi zen”. Txinpartan egindako azken kontzertuarekin agurtu zuten 1969an aurkitutako paradisu zatia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!