Gaurtik aurrera martxan izango da Orioko Txu-txu trena

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 25a, 11:34
Txu-txu trenaren artxiboko irudia.

Txu-txu trenaren ibilbidea aldatu egin du udalak, plazan egindako obrek eragindako norabide aldaketa dela eta. Hala Txu-txu trena ez da Anibarko Portutik pasatuko, eta hondartzatik buelta Arrantzale kalean egingo du, ikastola parean.

Gaur hasiko da martxan Orioko txu-txu trena, hondartza eta herrigunea lotzeko, eta irailaren 12ra arte emango du zerbitzua. Atzo probako bidaia batzuk egin ondoren, gaur ohiko ordutegi izango du: astelehenetik igandera, 11:30etik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara, hain zuzen ere.

Orioko Udalak ohar bidez azaldu duenez, aldaketa nabarmen bat izango du zerbitzuak aurreko urteekin alderatuta: Txu-txu trena ez da Anibarko Portutik pasatuko, eta hondartzatik buelta Arrantzale kalean egingo du, ikastola parean. Plaza inguruko obrak eragindako norabide-aldaketa dela-eta, segurtasuna bermatzeko asmoz hartu du erabakia udalak. Zerbitzua ordu erdiro aterako da ikastola paretik, Arrantzale kalean, eta geldialdi bakarra egingo du hondartzako biribilgunera iritsi arte, Bikamiotan. Itzuleran ere toki berberean geldituko da.

Goizeko azken itzulia egiteko, 13:45 aldera aterako da hondartzatik; eta arratsaldeko azken itzulia egiteko, berriz, 19:45 inguruan. Ordutegi horiek gutxi gorabeherakoak dira, jende-etorri handiko momentutan aldaketak izan daitezkeelako.

Prezioak hauek izango dira:

  • Joan etorriko txartela.....1,50 euro

  • 10 joan-etorriko bonua.... 6 euro

Txartelak Txu-txu trenaren gidariari erosi behar zaizkio.

Udalak gogorarazi du bidaiariek unean uneko segurtasun-arauak errespetatu beharko dituztela eta maskarak jantzita eramango dituztela Txu-txu trenaren barruan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!