"Oso inportantea da burujabetza teknologikoa, euskarari behar duen garrantzia emateko"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 28a, 12:14

Elhuyarrek, Orioko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak UdalHiztek proiektu pilotua garatu dute elkarlanean, erakusteko txerta daitezkeela hizkuntza teknologiak udaletan eta administrazioko funtzionamenduan. Era berean, ahal den heinean euskara hutsez lan egiteko urratsak eman nahi izan ditu Orioko Udalak, edukiak euskaraz sortu eta hizkuntza teknologien bidez gaztelaniara itzultzeko. Proiektua izan dute hizpide Itziar Cortes (Zarautz, 1985) Elhuyarreko ingeniari eta Orioko bizilagunak eta Jabier Zabaleta (Orio, 1962) Orioko Udaleko Euskara teknikariak.

Zertan datza UdalHiztek proiektua?
ITZIAR CORTES: Proiektuak erakutsi nahi du nola txertatu daitezkeen euskarazko hizkuntza teknologiak udaleko edo administrazioko egunerokoan. Horretarako proba pilotua egin dugu Orioko Udalean,ikusi nahi genuelako ea posible zen nagusiki euskaraz aritzen den udalean hizkuntza teknologien bidez beste hizkuntzak txertatzea, gaur egun ditugun aurrerapen teknologikoak erabilita. Kontuan hartu behar dugu azken urteetan asko garatu direla euskarazko hizkuntza teknologiak, eta horien aplikagarritasuna posible den aztertu dugu. Gainera, une honetan udalek badute tokiko lege bat euskaraz bakarrik lan egitea ahalbidetzen diena.

JABIER ZABALETA: Hizkuntza politikarako eskumenak udalenak dira gaur egun, lehen Eusko Jaurlaritzarenak baziren ere. Hau da, udal bakoitzak erabaki dezake hizkuntza arloan zer politika garatu nahi dituen. Orain aukera gehiago ditugu, eta udalak erabaki dezake euskara hutsezlan egitea. Hain zuzen ere, gure helburua da ahal dugun heinean euskaraz lan egitea, baina inor bazterrean utzi gabe. Hizkuntza teknologiek ematen dute aukera guk euskaraz sortu dugun hori erdaraz jasotzeko.

Proiektu honetan parte hartzeko aurretik antzeman al zenituzten hainbat hutsune udaleko funtzionamenduan?
J.Z.: Bi hizkuntzetan lan egitea zailagoa da beti. Testuak sortu behar dira bi aldiz; hasieran hizkuntza batean sortu behar da testua, eta horretan oinarrituta hasi behar da beste hizkuntzan lantzen. Gainera, oso adi egon behar da, bi testuak berdinak izan daitezen. Horrek denbora asko eskatzen du, eta lanaren kalitatearen aurka egiten du. Horrez gain, udaletan beti izaten dira presaz landu beharreko konplexutasun handiko gaiak, eta bi hizkuntzetan lantzeak zaildu egiten du prozesua. Horregatik, gure helburua litzateke gaiak euskaraz lantzea, eta teknologiek egitea itzulpen lana. Dena dela, horretarako euskaraz oso ondo lan egin behar da: testuak oso ondo sortu behar dira, hitz aukeraketa egokia eginda eta ondo puntuatuta. Hizkuntza aldetik aurrerapauso bat ematea eskatzen du, horrek zuzenean baldintzatuko duelako itzulpenaren kalitatea.Testu txar bat sartzen bada itzultzaile automatikoan, itzulpena kaskarra izango da.

Nola sortu zen Elhuyarren eta Orioko Udalaren elkarlanerako aukera?
I.C.: Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntza deialdi batera aurkeztu genuen proiektua, baina ez genuen lortu proba pilotua egiteko udalik. Orioko Udalarekin beste gai batzuk lantzen ari ginen, eta proposatu genien proiektuan parte hartzea, ikusten genuelako beharrezko baldintzak betetzen zituela. Iruditzen zitzaigun udaleko egoera soziolinguistikoa euskalduna zela eta lan asko egiten zela euskaraz, baina era berean, uste genuen egon zitezkeela gabezia batzuk hizkuntza teknologien bidez konpondu zitezkeenak. Orioko Udala proiektuan parte hartzeko prest agertu zen hasieratik, eta eskertu nahi diegu izan duten jarrera. Hasiera batean, dirulaguntza hori esperimentaziorako zen, eta asmoa da elkarlan honetatik sortutakoa beste udal batzuetan aplikatzen hastea.

Zein izan zen proiektua abiatzeko aurreneko urratsa?
I.C.: Hasieran elkarrizketa saioak egin genituen Orioko Udalaren egoera ezagutzeko eta sail bakoitzean zein hizkuntzatan eta nola lan egiten zuten jakiteko. Saio informatibo bat ere egin genuen langileei azaltzeko zer aukera eskaintzen zituzten hizkuntza teknologiek.

Azterketa egin ondoren zer egin duzue?
I.C.: Bertako errealitatea aztertuta, ohartu ginen Orioko Udalak zituen beharrak asetzeko tresna egokienak itzulpen automatikoa eta hizketa ezagutzarako tresna zirela, eta horiekin lanean hasi ginen, ikusteko zein arlotan aplikatu genitzakeen. Adibidez, Jabierrek sortzen baditu webgunerako testu gehienak, berari jarriko diogu itzultzaile automatikoa, testuak egokiago egin ditzan. Webgunean albisteak euskaraz bakarrik argitaratu nahi baditugu, botoi bat integratuko dugu webgunean, nahi duenak testu horiek automatikoki gaztelaniaz irakur ditzan. Hainbat departamendutan txostenak elebitan sortu behar badituzte, berriz, horiei ere itzultzaile automatikoa eskainiko diegu txosten horiek itzultzeko. Horrez gain, udalbatzarretako bideoak eta zuzenekoak azpititulatzeko ere egin ditugu probak, ahotsaren ezagutza teknologiaren bidez.

Erraza izan al da tresna horiek udalaren eguneroko martxan integratzea?
J.Z.: Orain arte bai. Webgunean itzultzaile automatikoaren botoia jartzea, esaterako, uste genuena baino errazagoa izan zen; webgunea kudeatzen duen enpresari esan eta bi-hiru egunetan eginda zuten. Gainontzean, orain hasiko da teknologia horiek udaleko martxan integratzeko lana. Diagnosi bat egin genuen teknologia horiek udalean nola erabili ditzakegun ezagutzeko, eta horretan oinarrituta joango gara pixkanaka aplikatzen, arloka banatuta. Seguruenik, hasieran euskara arloko ikastaro bat egin beharko dugu, itzultzaileak ondo funtziona dezan, euskarazko testuak oso ondo idatziak egon behar dutelako. Beraz, testugintzan eta euskararen erabileran trebatu beharko dute langileek, euskaraz hobeto lan egiteko. Udalean oso langile prestatuak ditugu arlo horretan, eta euskaraz lan egiteko ohitura ere badute, baina kalitatean badugu salto bat emateko. Izan ere, Udaleko lana azkar egin behar izaten da askotan, eta horrek testuen kalitatean eragina izaten du. Aurrerantzean, bi hizkuntzetan testuak sortu beharko ez ditugunez, denbora gehiago izango dugu euskarazko testuetan kalitatearen irizpidea sendotzeko.

Egin dituzue lehen lanak teknologia horiekin. Zer moduzkoa izan da erantzuna?
I.C.: Alde batetik, itzulpen automatikoa wegbunean txertatu da eta jendearen erantzuna ona izan da. Testuak euskaraz argitaratzen dituzte eta erabiltzaileak hautatu behar du botoian sakatu eta testu bera erdaraz irakurtzea. Bestetik, hizketaren ezagutzarekin hainbat proba egin ditugu. Teknologia hori oso azkar garatzen ari da, eta garatzen ari den bitartean aritu gara probak egiten. Udalbatzarretako bideoak azpititulatzeko baliagarria da tresna, eta etorkziunean helburua izango da zuzenekoetan automatikoki azpititulatu eta zuzeneko itzulpena egin dezakeen tresna sortzea. Azken helburu hori lortzeko askoz gehiago garatu behar da teknologia, baina bide onetik goaz.
J.Z.: Oraindik hobetzeko aukera du tresnak, eta oso azkar doala konturatu gara, proiektuaren bizi- denboran ere asko hobetu delako. Gainera, teknologia horietan oso garrantzitsua da zuzentasuna. Udalbatzarretan idazkariak hitz egiten duenean, esaterako, transkripzioa oso ona izaten da, hark euskara batuan eta oso ahoskera onarekin hitz egiten duelako, baina udalbatzarrean gertatzen diren eztabaidetan lagunarteko hizkera edo hizkera arrunta erabiltzen bada, emaitza ez da horren ona izaten. Orandik badu zer hobetua teknologia horrek, baina seguru nago lortuko dugula, hizkuntza handietan dagoeneko oso ondo funtzionatzen duelako bat-bateko transkripzioak, eta gurera ere iritsiko da.
I.C.: Gure itzultzaile automatikoa programatuta dago ondo egindako esaldiak itzultzeko, eta ahoz esaten ditugun esaldiak ez direnez beti guztiz zuzenak izaten, emaitza ez da nahi genukeena. Gainera, transkribapena sortzean hitz batzuk ez baditu ondo ulertzen, itzulpena ere kaskarragoa izango da.

Zer eman diezaioke teknologiak euskarari?
I.C.: Euskara hizkuntza txikia izanagatik, hizkuntza teknologietan indar handia du. Tresna oso onak daude garatuta arlo horretan, eta garrantzitsua da gizarteak jakitea denen eskura daudela eta aplikatzeko modukoak direla. Orokorrean jendeari zaila egiten zaio teknologia horiek ulertzea, baina gure lana da zertarako erabil daitezkeen azaltzea. Hori da erronka. Liluragarriak dira teknologia horiek, baina ondo erabili behar dira euskararen alde egiteko.
J.Z.: Teknologiak bide berriak ireki diezazkioke euskarari, baina zenbait sektore euskalzaletan zalantzan jartzen dira teknologia horiek ekar ditzaketen onurak. Zenbaitek uste dute erdaraz funtzionatzen jarraituko dutela askok, eta itzulpena makinak egingo duela. Guk uste dugu tresnak neutroak direla, eta norberak egiten dugun erabilerak markatzen duela joera. Guk, esaterako, erabili nahi ditugu euskaraz gehiago eta hobeto lan egiteko, eta horretan jarri ditugu indarrak. Nik neuk uste dut jarrera antzua dela horrelako teknologiei muzin egitea, dagoeneko beste hizkuntzetan aplikatzen ari direlako eta euskara oso ondo posizionatua dagoelako arlo horretan. Teknologia horiek ez dira desagertuko, eta ezinbestekoa da horiek egoki aplikatzeko lan egitea. Oraingo honetan administrazio publikoan garatu da proiektua, baina edozein erakunde edo esparrutan erabil daitezke hizkuntza teknologiak. Tresna horiek ondo garatzen direnean, adibidez, erabil daitezke ikastolako guraso bilerak euskara hutsean egiteko.

Aipatu duzue euskara oso ondo posizionatuta dagoela hizkuntza teknologietan. Zergatik?
I.C.: Erraldoi teknologikoek esaten dute hizkuntza guztien alde egiten dutela lan, baina argi dago beraiek sortzen dituzten teknologiek euskarari ez dietela ematen Elhuyarren ematen diogun garrantzia. Oso garrantzitsua da Euskal Herriko teknologia enpresek burujabetza teknologikoa izatea, euskarari emateko behar duen garrantzia. Euskara oso hizkuntza txikia da, baina Euskal Herrian euskararen inguruan garatzen ari garen teknologiak erreferentetzat dituzte beste hainbat hizkuntzak txikik, eta Wikipedian ere hizkuntza gutxituen artean artikulu gehien dituen hizkuntza da gurea. Aro digitalean murgilduta gaude, eta ezinbestekoa da hizkuntza teknologietan aurrerapausoak egitea, euskarak presentzia eta indarra izatea nahi badugu. Bestela, gure seme-alabek etorkizunean, gaur egiten dugun bezala, smartphoneari edo bozgorailu adimendunari gaztelaniaz edo ingelesez hitz egin beharko diete. Guk nahi dugu tresna horiek euskaraz jakitea eta euskaraz erantzutea, eta horretarako dihardugu euskaraz ikertzen eta hizkuntza teknologiak garatzen; bestela, alboratuta geratuko da euskara, eta gure ondorengoek beste hizkuntzak erabili beharko dituzte digitalki komunikatzeko. Bozgorailu adimendua aipatu duzu.

Etorkizunean euskaraz dakien bozgorailu adimendurik egongo dela uste al duzu?
I.C.: Bozgorailu adimenduena adibide gisa jarri dut, gaur egun etxe askotan daudelako eta ezinbestean gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez hitz egin behar zaielako. Gaur-gaurkoz ez dago bozgorailu adimendurik euskaraz dakienik, eta horiek sortu ahal izateko nahitaezkoa da aurretik beste hainbat teknologia garatzea: ahotsa ondo trasnkribatzen duen teknologia, ahotsak ondo sortzen dituen tresna, itzulpen automatikorako sistema eta informazioa euskaraz prozesatzeaz gain, euskaraz modu naturalean erantzuteko gai den teknologia.

Euskarak baditu euskalkiak eta eskualde batetik bestera asko aldatu daiteke hizkera. Hori erronka al da hizkuntza teknologientzat, batez ere ahotsa identi katzen dutenentzat?
I.C.: Bai, erronka da, baina badugu euskara batua ere, eta guk, araututako euskara estandarrean oinarrituta egiten dugu lan beti. Adibidez, guk azpitituluak sortzen dituen teknologia garatu dugu euskara baturako, baina norbaitek euskalkian hitz egiten badu, sistema euskara batuan idazten saiatzen da. Hizkuntza handiagoen kasuan, hizkuntza teknologiek badituzte tokian tokiko adierak identi katzeko mekanismoak, baina horretarako aurretik lanketa egin behar izaten da. Guk, esaterako, euskara eta gaztelaniaren arteko itzultzaile automatikoa sortzeko bederatzi milioi esaldi bikote sortu behar izan ditugu. Ahotsa errekonozitzeko tresna sortzeko, berriz, behar dira beste hainbeste ahozko eta idatzizko esaldi.

Euskara teknikari moduan, teknologia berrien bidez zer lortzea gustatuko litzaizuke zuri, Jabier?
J.Z.: Nahi nuke udalak euskara hutsez funtzionatzea, baina inor bazterrean utzi gabe, hau da, ez dakienak aukera izatea edukiak bere hizkuntzan jasotzeko eta udalaren jarduna segitu ahal izateko. Bide horretan, hizkuntza teknologiak erabili nahi nituzke kalitatea eta eraginkortasuna irabazteko, euskaraz lan eginez. Udalaz ari naiz gure proiektua arlo horretan garatu delako, baina bestelako erakundeek eta elkarteek ere bide bera jarraitu dezakete



KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!