Behera egin du intzidentzia tasak Orion

Andoni Elduaien 2021ko eka. 30a, 13:30

Azken orduetan ez dute positibo berririk atzeman Aian eta Orion; azken horretan, gaurko datuen arabera, 48,92koa da intzidentzia tasa eta eremu berdean kokatuta dago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du PCR eta antigeno testetan hautemandako kasu positiboak jakinarazten dituen txostena. Dokumentuaren arabera, atzo Urola Kosta eskualdean hamar kasu positibo zenbatu zituzten, baina bat bera ere ez Aian eta Orion. Kasu berririk ez atzemateaz gain, Orion behera egin du intzidentzia tasak eta gaurko datuen arabera, 48,92koa da, eremu berdean kokatuta dago. Aian, berriz, ez dute positiborik hauteman azken hamalau egunetan eta hutsekoa da intzidentzia tasa.

Eskualdeko hamar positiboen erdiak Zarautzen zenbatu dituzte. Azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du han, eta egun 98,51koa da; eremu horian jarraitzen du, beraz, Zarautzek. Zumaian ere positiboak zenbatzen jarraitzen dute. Hiru kasu baieztatu dituzte atzo egindako probetan, eta intzidentzia tasak gora egin du atzotik; 478,27koa da tasa han. Hernanirekin batera, eremu gorrian dagoen Gipuzkoako herri bakarra da. Azpeitian, berriz, beste bi kasu detektatu dituzte. Intzidentzia tasak, ordea, behera egin du han, eta 200eko langatik behera kokatu da (197,11). Eremu horiko herria izaten jarraitzen du Azpeitiak. 

Eskualdeko gainerako herrietan, ostera, ez dute positiborik atzeman. Azkoitia (41,73) eta Zestoa (25,68) eremu berdean daude gaur-gaurkoz, eta Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian zeroan dute intzidentzia tasa.

Positiboak gora Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian kasu positiboek gora egin dute. 216 positibo zenbatu zituzten asteleheneko probetan, eta 366 atzo, asteartea. Lurraldeka aztertuta, 142 positibo zenbatu zituzten Bizkaian, 132 Gipuzkoan, 63 Nafarroan eta 26 Araban. Halere, lurralde horietan bizi ez diren beste hiru lagunek ere positibo eman zuten. 7.262 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta positibotasun tasa %4,2an kokatu da gaur. Nafarroan, aldiz, 1.475 test egin zituzten atzo, eta positibotasun tasa %4,3koa da. 

Atzo, hamazazpi lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta egun 63 lagun daude Osakidetako erietxeetan. Zainketa berezia behar duten pertsonak, berriz, 33 lagun dira. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, aldiz, 1,17koa da, aspaldiko altuena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, bestalde, 112,70ekoa da gaur-gaurkoz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!