"Psikologikoa da Julen Gabirondoren indar handiena"

Iñigo Gaiton 2021ko uzt. 1a, 10:59
Argazkia: Iñigo Gaiton.

Julen Gabirondok ondoan izan du Unai Amenabar (Orio, 1984) segan hasi zenetik. Urnietarrak irabazi berri duen apustua eta harekin lanean egindako ibilbidea izan ditu hizpide elkarrizketan prestatzaile fisikoak.

Julen Gabirondo aldearekin gailendu zitzaion Xabier Zalduari larunbatean. Zein izan zen apustua irabazteko gakoa?
Halako erronketan buruak lan handia egiten du. Ohiko txapel- ketetan, garailea bakarra izaten da, baina gainontzekoak biga- rren, hirugarren, eta abar sailkatzen dira. Apustu batean, bat irabazle gertatzen da, baina bestea galtzaile. Horrek tentsio psikologiko handia jartzen die bi kirolariei, baita apustuen bueltan sortzen den giroak ere. Faktore hori ondo menperatzea gakoa izaten da halako egunetan.

Eta esparru fisikoan?
Apustua bi ordukoa izan zen, eta hogeigarren minuturako Julen iskiotibialetatik asko sufritzen hasi zen; urduritasuna tarteko, aurreko egunean ondo ez des- kantsatzeagatik, ziurrenik. Sega hartutakoan, min horrek ez zion uzten gorputza behar bezala makurtzen, eta abdominalen eta gerriaren buelta gehiago behartu behar izan zuen.

Bere sufrimendua ikusita, guk ere gaizki pasatu genuen, edo- zein momentutan minak geratzera behartu zezakeelako. Zorionez, minari eustea eta Zaldua kontrolpean izatea lortu zuen.

Zer ondorio atera duzu Gabirondok apustuan izandako errendimenduaren gainean?
Aipatutako min eta sufrimendua tarteko, segan bere mailaren azpitik jardun zela iruditu zitzaidan.

Nolakoa izan da azken hilabeteetako prestaketa?

Kasu honetan, aizkora izan da Julenentzat exijentziarik handiena. Iazko otsailean-edo hasi zen aizkorarekin trebatzen, pentatloia prestatzeko helburuarekin, eta oraindik berria da kirolean. Esparru fisikoan ere lan handia egin dugu, baina aizkoran jarduteari eman diogu lehentasuna. 

Nire ustez, aizkorarekin egin du aurrerapausorik handiena azken hilabeteetan. Horren froga da larunbatean Zalduak hamabi segundoko aldea bakarrik atera izana hogei kana-erdikoak ebakitzen. 

Segan hasi zenetik, garaipen ugari lortu ditu Gabirondok, eta beste herri kiroletan ere maila handia erakutsi du. Zer indargune nagusi du kirolari modura?
Buruan du indar handiena. Gaitasun fisiko apartak ditu, zalantzarik gabe, baina niretzat, esparru psikologikoan ateratzen die aldea besteei; proba egunetan baino gehiago, urtean zehar egiten dituen entrenamenduetan, lan egiteko moduan. Elkarrekin lanean hasi ginenetik, hobetzeko gogo ikaragarria erakutsi du beti, eta asko eskatzen dio bere buruari. Oso metodikoa da entrenamenduetan. 

Egia esan, lan handia dago larunbateko garaipenaren atzean: astean hiru edo lau saio aizkoran, gehitu segako entrenamenduak, gimnasioko lana, korrika... Asko eta ondo entrenatzen duen mutila da, eta bere mugak hausten saiatzen da, beti umiltasun handiarekin.   

Segako txapelketei begira, albo-kalterik eragiten al du pentatloirako edo apustuetarako prestatzeak?
Kirol desberdinak diren unetik, exijentzia fisikoak eta teknikoak ere aldatu egiten dira, eta horrek egokitze prozesu bat eskatzen du, baina ez dut uste fisikoki kaltegarria denik. 

Mentalki, berriz, lagungarria izan da Julenentzat beste kiroletan ere jardutea. Segalariek txapelketa oso gutxi izaten dituzte urtean, lauzpabost, eta oso gogorra da hilabete luzez lehiatu gabe, bakar-bakarrik, entrenatzen aritzea. 

Arraun munduan urteak egindakoa zara. Antzekotasunik ba al da sega eta bien artean?
Kirol ziklikoak izatea dute komunean. Erresistentzi aldetik oso exijenteak dira biak, baita indarraren ikuspegitik ere. Horrez gain, teknikak garrantzia handia du batean zein bestean, kanpotik kontrakoa eman dezakeen arren. 

Bestalde, bi kiroletako txapelketetan du eragin handia ingurune naturalak, eta hor kontrolatu ezin diren faktore asko sartzen dira jokoan. Arraunaren kasuan, itsas korronteak, haizea, olatuak... Segan gauza bera gertatzen da belarrarekin: zer luzera duen, gogorra edo biguna dagoen, etzana edo tentea den... 

Prestakuntza fisikoari dagokionez, ezagutza biltzen duen materialik ba al da bi kiroletan?
Ikuspegi zientifikotik egin den lanari erreparatuta, arraunaren eta herri kirolen aldean 25 urteko aldea egon daiteke. Aulki mugikorraren gainean asko dago ikertuta, adibidez, baina aulki finkoari buruz gehiegi ez, azken urteetan aurrerapenak izan diren arren. Herri kiroletan ezagutza ikaragarria duen jendea topatu dut, belaunaldiz belaunaldi transmisio handia egon delako familietan eta lagunen artean. Paperean, ordea, ez dago ia ezer jasota, eta interesgarria da niretzat, ikertzeko, hobetzeko eta egiteko asko dagoelako oraindik.


KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!