Alokairu soziala urratsak ematen

Onintza Lete Arrieta - Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko uzt. 7a, 09:40
Honako itxura izango dute Orion eraikiko dituzten alokairu sozialeko etxebizitzek

Alokairuko 46 etxebizitza publiko egingo ditu Eusko Jaurlaritzak Orion, Munton, datorren urtean, udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker. 2023rako proiektua amaituta egotea espero dute sustatzaileek.

Herritar orok etxebizitza duina edukitzea Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean nahiz Espainiako Konstituzioan jasota dagoen eskubidea da. Erakunde publikoei dagokie eskubide hori bermatzea eta horretarako neurriak hartzea, eta helburu hori betetzeko sortu ziren babestutako etxebizitzak. Orion, orain arte egin dituzten babestutako etxe-bizitza guztiak salmentakoak izan dira, baina laster alokairu sozialeko 46 etxebizitza egingo dituzte herrian, eta baita seia partamentu ere, gazteen emantzipazioa errazteko.

Munto eremuan eraikiko dituzte alokairu sozialeko etxebizitzak, eta 2023ko urte bukaerarako amaituta egotea espero dute. 46 etxebizitza izango dira guztira, eta denek bi logela eta balkoia edukiko dituzte. Visesak eta Eusko Jaurlaritzak egingo dute eraikina, eta kudeaketa ere Jaurlaritzaren esku geldituko da. Orubea udalaren partzela librea zen; hau da, udalak egin zitzakeen babestutako etxebizitzak edo orubea saldu etxebizitza libreak egiteko. Buelta asko eman ondoren, ordea, udalak erabaki zuen Jaurlaritzarekin hitzarmena egin eta eremu horretan alokairuzko etxeak egitea, herriarentzat onuragarria izango zela iritzita.

Alderdi guztiak ados
Alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko proiektuak zeresana eman zuen hasieran, baina gaur-gaurkoz eragileek eta udalbatzako talde guztiek beharrezkotzat jotzen dute ekimena, egoera zaurgarrian dauden herritarren bizi baldintzak hobetzeko. Caritas erakundeko Orioko arduradun Unai Manterola apaizaren iritziz, alokairu sozialeko etxebizitzak «ezinbestekoak»dira herrian: «Herritar askorentzat arazoa bihurtu da alokairua ordaintzea. 600 eurotik gorako alokairuak nagusi dira Orion; mila euro eskas irabazten dituen familia batek nola bizi behar du 400 eurorekin?».

Anuska Esnal Orioko alkatearen ustez babestutako alokairuak «oinarrizko eskubidea den etxebizitza duina herritar gehienen eskura» jartzen du. «Orioa nitzagoa, inklusiboagoa, sozialagoa izateko bidean jarriko gaitu. Etxebizitza bat edukitzea bizitza proiektu bat garatu ahal izateko abiapuntua da, eta horrek ezinbesteko eragina dauka herritarren ongizatean».

EAJko bozeramaile Lourdes Salsamendiren iritziz ere alokairu sozialeko etxebizitzek zuzenean eragingo dute herritarren ongizatean. «Alokairu soziala beharrezkoa da egoera zaurgarrian dauden kolektiboek bizitza autonomoa egiteko, eta erakundeek ahalegina egin behar dugu etxebizitza eskubidea bermatzeko», azaldu du.

Ana Priede sozialistak, bestalde, gogorarazi du aurreko agintaldian berak negoziatu zuela Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin proiektua. Izan ere, PSE-EEko zinegotziarentzat «gero eta zailagoa» da herritarrentzat sustapen libreko etxebizitzak erostea. «Alokairu sozialak etxebizitza duina izateko aukera emango die gazteei, familiei, pentsiodunei eta beharra dutenei». Gainera, uste du alokairu soziala hedatzen den heinean alokairu librearen prezioa ere orekatu egingo dela.

Orain udal taldeko Joxe Angel Iparragirreren iritziz ere proiektu honek eragina izango du alokairu librearen prezioan. «Guk beti babestu ditugu etxebizitza publikoak egiteko politikak, eta proiektuak ezaugarri jakin batzuk dituzten oriotarren ongizatea hobetuko duelakoan gaude:hala nola gazteak, guraso batez osatutako familiak, adineko pertsonak».

Sei apartamentu ere bai
Muntoko etxebizitzez gain, udalak beste hitzarmen bat sinatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin, Anibarko Portuan gazteei zuzendutako sei apartamentu sortzeko, gazteen emantzipazioa sustatzeko. Hasierako aurreikuspenei eutsiz gero, aurten bertan hasiko dituzte egokitze obrak.

Alokairuarekin lotuta, Bizigune programaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan dute Orioko Udaleko Hirigintza arloko udal teknikariek. Programaren helburua da etxebizitzak merkaturatzea, eta horretarako, jabeak Eusko Jaurlaritzari hamar urterako lagapena egiten dio. Etxearen ezaugarrien arabera finkatzen du erakundeak hilean zenbat diru jasoko duen etxe-jabeak, eta alokairuan sartzen denak, berriz, bere diru sarreren arabera ordaintzen du alokairua. Diferentzia Jaurlaritzak ordaintzen du, eta bera arduratzen da etxea egoera onean itzultzeaz jabeari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!