Imanol Alguacilen Realak hasi ditu datorren denboraldiko entrenamenduak

Iñigo Gaiton 2021ko uzt. 8a, 16:59

Bideoan ikus daitekeen modura, taldearen lehen entrenamendu saioa ikusten izan diren neska-mutilei kasu egitera hurreratu da Alguacil. 2011-2012 denboraldian Realeko jubenilak entrenatzen hasi zenetik, kirol ibilbide oparoa ari da egiten txuri-urdinekin.

Imanol Alguacilen taldeak gaur egin du denboraldi berriko lehen entrenamendu saioa. Zubietan izan dira gizonezkoen lehen taldeko jokalariak, abuztuaren 13an hasiko den ligako prestaketei ekin diete.

Alguacilek hirugarren denboraldia izango du aurten txuri urdinen gizonezkoen lehen taldearen entrenatzaile modura. 2018ko martxoan hartu zuen taldearen gidaritza lehen aldiz, Eusebio Sacristán ordezkatuz, eta denboraldi amaierara arte aritu zen lanean. Ligako bederatzi partidu jokatuta 16 puntu lortu zituzten orduan, eta Realak sailkapen orokorreko hamabigarren postuan itxi zuten denboraldia donostiarrek.

Entrenatzaile gisa lehen mailan izandako estreinako esperientziaren ondoren, bigarren taldera itzuli zen Alguacil, baina urte bereko abenduan gora igo zuten berriro, Asier Garitanori kontratua eten eta gero. Realaren ibilbide txarra zuzentzea lortu zuen berriro, eta ligan bederatzigarren sailkatu ziren txuri-urdinak.

2020ko urtarrilaren 3an kontratua berritu zioten, eta denboraldi horretan, taldea Errege Koparen finaleraino eraman zuen oriotarrak. Pandemiaren ondorioz, 2021eko apirilera atzeratu zuten finala, eta 34 urteren ondoren, Realak titulu bat irabaztea lortu zuen Athleticen aurka Sevillan jokatutako norgehiagokan. Horrez gain, Europarako txartela eskuratu zuten donostiarrek, 2020-2021 denboraldiko ligan bosgarren sailkatzeari esker.

Goiko bi taldeetan aritu aurretik, Realeko jubenilen entrenatzailea izan zen Alguacil 2011 eta 2013 artean.

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!