Ainara Munduate: "Arrantzale kaleko eta hondartzako bidegorriak urte bukaerarako lotzea espero dugu"

Iñigo Gaiton 2021ko uzt. 9a, 11:17

Bidegorriaren zati berria egiteko falta ziren erabakiei aho batez eman zitzaien onarpena ekaineko udalbatzarrean. 440.000 konstua izango dute lanek, eta 25.000 eurokoa egin beharreko lur sailen desjabetzeek.

Orioko Udalak prest izan nahi du urte amaierarako Arrantzale kalea eta autopista azpiko eremua lotuko dituen bidegorria.Udal taldeek azken erabakiak zehaztea eta onartzea besterik ez zen falta proiektua abiarazteko, eta horiek aho batez onartu ziren ekainaren 24an egindako udalbatzarrean. 

Ainara Munduate Hirigintza batzordeburuaren esanetan, herriaren bidegorri sare orokorraren nondik norakoak 2012an onartu ziren, baina orain arte, zati hau falta zen exekutatzeko. 

Udal Gobernuak iaz heldu zion berriro Orioko bidegorri sarea osatzeko proiektuari. Hainbat lanketa egin behar izan ditutuzte obraren nondik norakoak zehazteko: «Lanak gauzatu ahal izateko, desjabetze prozesu bat egin beharko da, bidegorriak metro bateko edo biko tartea jango diolako baratzeen eremuari. Han dagoen eraikin bat eraistea ere planteatu zen momentu jakin batean. Horrek guztiak herritar batzuei zuzenean eragiten dienez, ondo aztertu nahi izan ditugu aukera guztiak. Horregatik, nahi baino gehiago atzeratu dira hasiera batean aurreikusitako denbora tarteak», eman du jakitera Munduatek. 

Lurjabeei desjabetze prozesuaren berri ematea eta obren esleipen prozesua publiko egitea dira udalak egingo dituen hurrengo urratsak.

440.000 euroko kostua
Bidegorriaren zati berria egiteko lanek  440.000 euroko kostua izango dute, eta desjabetzeek 25.000 eurokoa, batzordeburuaren esanetan. 

Munduatek Udal Gobernuaren ildo estrategikoen barruan kokatzen du proiektua, eta mugikortasuna hobetzeko hartu dituzten erabakien artean bat gehiago dela azaldu du. «Premiazko lana da hau guretzat, hondartzara edo Zaragueta eskolara bizikletaz modu seguruan joan ahal izatea ahalbidetuko duelako. Dena den, herrian badira oraindik bizikletaz ibiltzeko puntu beltzak, eta horiei konponbideak bilatu nahi dizkiegu. Arazo handiena moilan daukagu, zubiaren azpitik pasatzeko gunean, eta zubian bertan ere bai, tren geltokiraino tartean», zehaztu du. 

Aurrera begira, bizikletaren erabilera sustatzen jarraitzeko asmoa azaldu du zinegotziak:  «Lanean jarraituko dugu, herri jasangarriagoa egitea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!