Orion kasu positiboak detektatu dira aste honetako egun guztietan

Amaia Urbieta Arruti - IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 9a, 13:54

Lehengo ostiraletik herenegunera bitartean egindako frogetan, positibo bat atzeman dute herrian egunero. Atzoko frogetan, aldiz, bi detektatu zituzten. Aian, positibo bakarra izan da aste osoan.

Eusko Jaurlaritzak azken astean emandako datuen arabera, Orioko egoera epidemiologikoak okerrera egin du zertxobait, grafikoan ikus daitekeen modura, baina, oraindik ere, datuek nahikoa apalak izaten jarraitzen dute. Lehengo ostiraletik kontatzen hasita, positibo bat atzeman dute egunero asteazkenera bitartean, eta atzo, ostegunarekin egindako frogetan, bi positibo detektatu zituzten. Hala, Orioren intzidentzia tasa 146,77 da gaur gaurkoz, eta herria eremu horian kokatuta dago.

Aiari dagokionez, tasa hutsean izan dute egun luzez, baina asteazkenean egindako frogetan positibo bat izan zen, eta herriaren intzidentzia tasa 50,38 da momentu honetan. Azpialdeko grafikoan ikus daitekeenez, Aiako azken egunetako datuak oso onak dira.

Eskualde mailan, Oriokoez gain beste hamahiru kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo egindako frogetan; herenegun atzemandakoak ia bikoitza izan ziren. Azkoitian (4),  Zarautzen (4) eta Zumaian (5)  hauteman zituzten atzo positiboak eskualdean. Datu horien ondorioz, igo egin da intzidentzia tasa herri horietan: 175,25etik 208,68ra Azkoitian; 248,43tik 265,56ra Zarautzen; eta 732,68tik 783,56ra Zumaian. 

Urola Kostako gainontzeko herrietan ez zuten positibo bakar bat ere atzeman atzokoan eta, ondorioz, herri horietako intzidentzia tasek mantentzera edota behera egin dute. Atzoko kopuru berari eutsi Aizarnazabalek (260,08) eta Zestoak (154,08), eta adierazleak behera egin du Azpeitian (223,39tik 210,25era). Beizaman, Errezilen eta Getarian, berriz, hutsean dago intzidentzia tasa.

Positiboak berriro gora

Herenegungo moduan, eguneko 900 positibo berriren langa igaro zen atzokoan, eta 1.000ra hurbildu da zifra: 978 positibo berri atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera. Lurraldeka, 92 zenbatu zituzten Araban, 314 Bizkaian, 265 Gipuzkoan eta 275 Nafarroan. Horiez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren 32 lagunek ere eman zuten positibo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa 7,6%koa izan zen atzo, herenegungoa baino puntu erdi altuagoa; Nafarroakoa, berriz, jaitsi egin da: %14,1 izan zen herenegun eta %13,3 da atzoko datuetan.

Okerrera egin duen beste adierazle bat da Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa: 246,81ean dago gaur-gaurkoz, eta 22 puntu igo da atzotik. Gainera, gutxi bada ere, gora egin du herenegundik COVID-19agatik ZIUetan dagoen jende kopuruak: 25etik 28ra igo da zifra. Herenegun baino hamabost lagun gehiago daude COVID-19a dela-eta ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko ospitaleetan (65 denera), eta 27 ospitaleratze izan ziren atzo.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!