Ur hotz, haize indartsu eta penditz artean, gustura

Iñigo Gaiton 2021ko uzt. 14a, 08:52

Muturreko baldintzekin egiten den Iceland Extreme Triathlon proba irabazi du Joseba Brit oriotarrak. Sei ordu eta berrogeita bat minutuko markarekin, onena izan zen lasterketako 29 parte hartzaileen artean. 

Triatloi bat bukatzea nahikoa ekinaldi gogorra ez, eta muturreko baldintzetan egiten den lehiaketa batean parte hartzea zer zen probatu nahi zuen Joseba Britek (Orio, 1984). Helburu horrekin, Portlanden (AEB) duen bizitokitik Islandiara bidaiatu zuen lehengo asteburuan, han jokatzen den Iceland Extreme Triathlon txapelketan izena eman eta gero.

Hasieran, 68 kirolarik osatzen zuten parte hartzaileen zerrenda, baina 29 azaldu ziren irteera puntura, gaueko hamabietan; erdiak amerikarrak, laurdenak islandiarrak, eta munduko txoko desberdinetakoak gainontzekoak. «Uda garaian, gauean ez du ia ilundu ere egiten Islandian, eta horregatik abiatu zen lasterketa gauerdian. Egia esan, hegazkin bidaiaren orduak-eta nahikoa ondo tokatu zitzaizkidan; 20:00etan jaiki nintzen, 21:00etan gosaldu nuen, eta hiru ordura proba hasi zen», azaldu du.

Irteera puntua atzean lagatakoan, lan handia zuen aurretik: igerian bi kilometro egin behar izan zituen, bizikletaz ehun eta korrika hogeita bat. Distantzia luzeez gain, probaren bereizgarriak diren muturreko baldintzak ere aurkakoak izan ziren: ur hotza (bederatzi gradutan), garaiera alde handiko pendizak eta «ia bizikletatik jaistera» behartu zituzten haize boladak. 

Bihotzaren erritmoarekin
Azken hilabeteetan, astean hamasei ordutik gora egin ditu Britek entrenatzen, proban lehen hiruren artean sailkatzea helburu hartuta. «Duela hiru urte hasi nintzen triatloietan parte hartzen, eta entrenamendu aldetik, Islandiakoa izan da gehien eta ondoen prestatu dudan proba». 

Prestaketa horretako erreferentziekin, bihotz taupaden maiztasunean oinarritutako plan bat egin zuen lasterketarako. Adierazi duenez, «espero bezala» atera zitzaizkion gauzak. 
Uretako lanaren hasiera «shocka» izan zen oriotarrarentzat: «Ura oso hotza zegoen, hondoa ilun ikusten zen, eta lehen metroetan, aurkariek oso gogorrak ziruditen. Hasiera gogorra egin zitzaidan». 

Uretatik hirugarren postuan atera zen Brit. Bizikleta gainera igo eta gutxira, aldapa handia zuen aurrean. Hala ere, haizea izan zuen aurkari gogorrena gurpil gainean. «Haize ufadak ikaragarriak izan ziren, alde eta kontra. Burua jaitsi, aerodinamika onena bilatzen saiatu, eta bihotza entzuten egin nituen kilometroak». 

Ezusteko bat ere gertatu zitzaion: «Lasterketan ez da inolako asistentziarik izaten, eta nire bikotekidearekin ibilbideko puntu batzuk zehaztu nituen, ur botilekin nire zain egon zedin. 60. kilometroa zen horretarako topaleku bat, baina antolakuntzak desbideratu egin gintuen hiru kilometro lehenago, eta ezin izan nuen botila berririk hartu. Hala, oso-oso ur gutxirekin egin nituen hurrengo 40 kilometroak, deshidratatzeko beldurrarekin tarteka». 

Bizikleta bazterrean laga eta korrika hasteko prestatzen ari zela, aurrea hartu zion lehen sailkatuari, eta aurrena hasi zuen azken fasea. Tartean, parte hartzaileek 800 metroko altuerako mendi batera igo behar zuten korrika. 

Brit ondo sentitu zen, eta bosgarren kilometroan atzean laga zuen ordura arte pega-pega eginda izan zuen bigarren sailkatua. «Aurkariak arnasa ahotik hartzen zuela ohartu nintzen, eta hori, askotan, ezinaren sintometako bat izaten da. Erritmoa igo nuen, eusten zidan edo ez ikusteko, eta atzean geratu zen». 

Altueran, mendi bidea ondo garbituta aurkitu zuten, baina alboetan, metro eta erditik gorakoa zen elurra. «Gailurretik behera abiatutakoan, hankei ezin izan nien utzi lasai joaten, malda ikaragarria zelako. Asko sufritu nuen, ordurako ordu asko generamatzalako lehian». 
Helmugara bakar-bakarrik iritsi zen Brit, sei ordu eta berrogeita bat minutuko ahaleginaren ostean. Hamalau minutu geroago heldu zen bigarren sailkatua. 

Mugak hausten
Distantzia luzeko probak ondo egin ahal izateko, lan handia egin behar da alor psikologikoari dagokionez ere, eta Briten iritziz, hori da interesgarriena: «Lagun batek triatloi bat prestatzea gomendatu zidan, kontu pertsonalak tarteko bolada txar bat pasatzen ari nintzenean. Hari kasu egin eta entrenatzeari ekin nion». 

Inguruan ikusi duenez, jendea kateatu egiten da halako lasterketetara: «Zeure buruari jarritako mugak hausteko gai zarela sentitzea oso potentea da, eta droga bat bihur daiteke. Alor pertsonalean, hazten lagundu didate entrenamenduetan eta lasterketetan egindako orduek, baina aurrera begira, ez dut luzaroan jarraitzeko asmorik, halako kirolek kendu ere asko egiten dutelako. Lagunekin, bikotekidearekin edo musika sortzen ematen ditudan orduek ere balio handia dute niretzat, eta horiei denbora gehiago eskaini nahi diet». 

Irailean Mexikon egingo den Ironman probarekin itxi nahi du kirolariak azken urtetan triatloien munduan izandako bizi zikloa. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!