Martin Perona: "Ala bat egitea erraza da traineruaren aldean; bigarren horrek lan ikaragarria du"

Iñigo Gaiton 2021ko uzt. 15a, 09:46

Bi asteko lanaren ostean, lehengo ostiralean bukatu zuen azken eskulana Martin Peronak: egurrezko ala bat. Orion "gizaldi honetan" egin den egurrezko txalupa bakanetakoa dela azaldu du. Planorik gabe egin du ala, buruan zuen diseinuan eta egurrezko xaflek emandako neurrietan oinarrituz.

Denboraren joana geldiezina dela gauza jakina den arren, Martin Peronaren tailerrak kontrako efektua eragin dezake lehen begiratuan. Artisau lanerako erremintak, egurrezko ontzien moldeak, aspaldiko argazkiak eta egunkari zaharretako ebakinak ikus daitezke, beste gauza askoren artean,  lokalaren txoko desberdinetan sakabanatuta.   

Peronaren tailerrak erriotik metro gutxira du kokalekua, eta han egin du azken eskulana: egurrezko ala bat. Egilearen hitzetan, "gizaldi honetan" Orion ez dira halako txalupa asko egin: "Litekeena da XXI. mendean inguruotan egin den egurrezko ala bakarra izatea", zehaztu du. 

Bi asteko prozesua
Peronak eskarmentu handia du egur-lanean, eta ezagutza horretan oinarrituz, planorik gabe sortu du ala.  "Buruan argi nuen ontziak izan beharreko diseinua, eta horri jarraiki aritu naiz lanean. Bi aste-edo behar izan ditut sortze prozesua gauzatzeko; 55 ordu, gutxi gorabehera»" eman du jakitera. 

Aginagako lagun batentzat segin du ala, "ibaian bueltaka gozatzeko aukera" izan dezan. "Hain zuzen ere, horregatik du mutur zapala, errioaren bazterretara errazago hurreratzeko eta lehorrerako sartu-irtenak hobeto egin ahal izateko". 

Sei metro eta erdiko luzeerako ontzia atera zaio, 172 zentimetroko zabalera du txopa aldean, eta 122 zentimetrokoa brakan. Pisuari dagokionez, 300 kilo baino gehiago ditu. 

"Traineruak bai lana!"
Peronaren esanetan, "moduz" atera zaio lagunari txalupa, erabili duten egur klasea merkea delako. "Okume berezi batekin egin dugu, uretan sartu ahal izateko beira zuntzik eskatzen ez duen egur mota batekin. Haritzak eta beste egurrek diru asko balio dute".

Lan prozesuan eroso aritu da, aparteko zailtasunik gabe. "Ala baten egitura sxinplea da. Traineru batekin konparatuz gero, adibidez, alderik ez dago. Traineruak bai duela lana!", ekarri du gogora. 

Izan ere, lau traineru egindakoa da Perona. Bere bi anaiekin batera Orio Arraunketa Elkartearen txalupan arraun egiten zuen garaian etorri zitzaion aurrenekoa egiteko gogoa. Ontzia uretara bota eta haren tosta batean eserita lehiatzeko ametsa zuen, baina azkenean, beranduago gauzatu behar izan zuen bere ideia. Frantses fabrikaren goiko pisuan aritu zen lanean osabarekin batera, eta azkenean,  1991ean bedeinkatu zuten traineru berria herriko plazan. "Korta zen entrenatzailea orduan, eta ez zion grazia handiegirik egin. Beste traineru batekin estropadak irabazi zituzten, eta nirea bazterrean laga zuten". 

Orain, arraun surfean aritzeko ohol batekin esperimentatzen ari da, eta dagoeneko eman dio itxura kortxo zati handi bati: "Bi lagunek elkarrekin arraun egin ahal izateko modukoa izango da. Ikusiko dugu balekoa den".  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!