Alokairu sozialeko 46 etxebizitza egingo dira Munto eremuko orubean

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 16a, 14:32

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak 5,5 milioi euroko inbertsioarekin egingo ditu alokairu sozialeko etxebizitzak. Horrez gain, gazteentzako sei apartamentu ere egokituko dituzte Anibarko Portuan, "haien emantzipazioa sustatzeko helburuarekin". Hala azaldu du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, gaur goizean Orion egindako aurkezpenean.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak higiezinen arloko bi proiektu gauzatuko ditu Orion datozen urteetan. Horien berri emateko helburuarekin, agerraldia egin dute gaur goizean Munto eremuko orubean. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua izan da hitza hartzen lehena, eta hark azaldu duenez, 52 etxebizitzaren eraikuntzarekin erantzungo diote Oriotik jasotako eskariari. Horretarako, sei milioi euroko inbertsioa egingo dute.

Arriolak azaldu duenez, Visesa etxeak eraikiko ditu Munto eremuan egingo diren alokairu sozialeko 46 etxebizitzak: "Blokeak L forma izango du, eta atari bakarra izango da etxe guztietarako sarbidea". Lau pisuko eraikina egingo dute, eta lurpean parkingak, etxebizitza bakoitzak aparkaleku bana izan dezan.

Gela kopuruari dagokionez, 38 bi logelakoak izango dira, eta sei hirukoak; halaber, mugikortasun urriko pertsonei zuzendutako bi logelako bi etxebizitza egokituko dira. Arriolaren hitzetan, etxeen berokuntzaren eta ur beroaren sistema elektrikoa izango da guztiz, eta "iturri berriztagarrien" laguntza izango dute. Horretarako, teilatuan kokatutako eguzki-panel fotovoltaikoak erabiliko dituzte. 

Aurreikuspenen arabera, 2023an hasiko dituzte eraikuntza lanak, eta 2026 urtearen erdialdera bukatu. Alokabidek egingo du alokairuen kudeaketa, eta gaur zehaztutakoaren arabera, urtean 9.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateek izango dute etxe horietan bizitzeko aukera.

Gazteentzako sei apartamentu Anibarko Portuan
Munto eremukoaz gain, Arriolak azaldu du Anibarko Portuan ere sei apartamentu egokituko dituztela, auzoan dauden babes ofizialeko etxebizitzen beheko solairuan. Visesarena izango da lan horien ardura ere. "Logela bateko apartamentuak izango dira, eta nagusiki, haien eskaintza gazteei zuzendutakoa da. Haien emantzipazioan lagundu nahi dugu. Horiek ere Alokabidek lagako ditu, gehienez bost urterako, eta alokairuaren prezioak ez du gaindituko bizitokiak esleitzen zaizkien pertsonen diru-sarreren %30", argitu du sailburuak. Anibarko Portuko lanak 2022an hastea aurreikusten dute, eta 521.823,39 euroko kostua izango dute lanek.

Agerraldian emandako datuen arabera, Etxebiden Orioko 206 pertsonak egin dute etxebizitza bat lortzeko eskaera, eta horietatik %64k alokatu egin nahi dute. "Oriotarrak lehenetsiko dira Muntoko 46 etxebizitzak esleitzerako garaian", zehaztu du Arriolak. 

Anuska Esnal Orioko alkateak hartu du hitza segidan, eta adierazpenak egiten hasi orduko, eskerrak eman dizkio Ana Priede PSE-EEko zinegotziari, "Munton eraikiko diren etxeen aurreneko bultzatzailea" izateagatik. "Orion gazteek zailtasun handiak dituzte, beste herri askotan bezala, etxebizitza bat izateko. Horrez gain, azken urteetan etorri diren atzerritarrek ere zailtasunak dituzte herrian etxe bat lortzeko, alokairuen prezioen ondorioz. Horregatik, Muntoko etxebizitzen proiektua estrategikoa iruditzen zaigu, zailtasunak dituztenei auzune berri batean bizitzeko aukera emateagatik", eman du jakitera.

Priedek bere egin ditu Arriolaren eta alkatearen adierazpenak, eta eskerrak eman dizkie proiektua aurkeztu zien lehen unetik "aldeko jarrera irmoa" erakutsi izanagatik. "Alokairuen eskaintza oso urria da Orion, eta dagoen gutxi horren prezioa, oso altua. Proiektu hauekin, jende askok aukera izango du herrian geratzeko eta etorkizuneko bizi-proiektuak hemen eraikitzen hasteko".

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!