"Umeei gehiago hitz egiten zaie heriotzaz modu folklorikoan"

Irati Urdalleta Lete/Berria.eus 2021ko uzt. 18a, 17:55

Patxi eta Ane Izagirre (Hik Hasi)

Hik Hasik antolatu dituen udako topaketetan, Umeei heriotza ez ezkutatzeko eta informazioa emateko eskatu dute Ane Izagirrek eta Patxi Izagirrek. Beharrezkotzat jo dute ikastetxeetarako protokolo bat egitea.

Heriotzaz hitz egin behar da, baita haurrekin ere, eta aukera eman behar zaie hiletetan eta agurretan parte hartzeko. Hala iruditzen zaie Patxi Izagirre psikologo klinikoari (Zumarraga, Gipuzkoa, 1970) eta Ane Izagirre psikologoari (Orio, Gipuzkoa, 1999). Hik Hasiren 25. urteurrenean, Heriotzaren psikopedagogia ikastaroa eskaini dute udako topaketetan. Gogoan izan dute Joxe Mari Auzmendi, besteak beste, heriotzaren gaia jorratzeko egindako apustuagatik.

COVID-19agatik heriotza presenteago egon da. Arreta berezirik eskaini al zaio doluari?

ANE IZAGIRRE: Ez dakit ikastetxe guztietan zer egin duten, baina badakit modu bateratuan ez dagoela ezer adostuta.

PATXI IZAGIRRE: Iruditzen zaigu aukera itzela dagoela protokolo moduko bat sortzeko, behingoz gaiari heltzeko, ikusita zenbat aitona-amona hil diren, zenbat dolu egin gabe geratu diren.

Haurrek eta gazteek zer esperientzia eduki dituzte heriotzarekin azken hilabeteetan?

P.I: Ikusten ari garena da ez dela aukerarik izan agurrak egiteko; zoritxarrez, jendea bakarrik joan dela gehienetan, eta komunikatu gabe joan da. Normalean ez baditugu txikiak modu inklusiboan sartzen, egoera honetan are eta gutxiago.

Etorkizunean horrek eraginik izan dezake?

P.I: Bai, bai, eta hori da maiz gertatzen dena.

A.I: Edo etorkizuneko galera batek berpiztu dezake oraingo tapatzea.

P.I: Krisia sortu denean, goazen aukera ematera agurrak modu inklusiboan lantzeko, samina parteka dezaten. Baina ez hori bakarrik: modu prebentiboan, arlo didaktikoan ere kontuan har dezagun heriotza. Bizitzaren parte da, eta aurretik horretaz hitz egitea, kontuan hartzea, tabu moduan ez uztea... iruditzen zaigu baliagarria dela.

Zer gertatzen da hildakoa haurren adinkidea bada?

P.I: Identifikazio horretan, gertuago ikusten dute arriskua. Maiz beharra dute erritualetan eta parte sinbolikoan, agurretan, parte hartzeko, baina, aldi berean, zalantza moduko bat sortzen da gurasoengan edo irakasleengan: noraino izan daitekeen hori traumatikoago, noraino babestu behar ditugun ume horiek.... Erantzun normalena izaten da beldurra izatea heriotzari, eta beldur horretan ea zerbait gertatuko ote zaion berari, aitari, amari... Eta orduan hasten dira heriotzaren inguruko galdera nihilista eta existentzialista horietan pentsatzen, larritasunarekin.

Umeei eta gazteei nahikoa hitz egiten al zaie heriotzaz?

A.I: Etxean ez bada, eskoletan modu programatu batean behintzat ez da egiten.

P.I: Oraindik kostatzen zaigu modu gordinean lekua egitea, eta helduei kostatzen zaigu entzutea umearen ezintasuna, larritasuna, obsesioa, beldurra... Umeen sufrimendu hori ikusten dugunean, presaka eta korrika joaten gara ipuinen bila, metaforetara, azeria, zuhaitza edo zerua aipatzera, esan beharrean 'ez da berriro bueltatuko', 'pena handia da', 'ni ere triste nago'. Iruditzen zait ikaragarri kostatzen zaigula hori umeekin egitea, haiek direlako gure ezintasunaren ispilua. Gehiago hitz egiten zaie modu folklorikoan, sinbolikoan, didaktikoan... Baina gordintasun eta errealismo atzeraezin horretan, eskas.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atarian

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!