Donostiako Klasikoak errepide mozketak eragingo ditu larunbatean

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 28a, 14:30

Larunbatean jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta eskualdeko errepideetan egingo du ibilbideko lehen zatia. Emakumezkoak 09:50ak aldera iritsiko dira Oriora, eta gizonezkoak, aldiz, 12:15ak aldera.

Datorren larunbatean, uztailak 31, jokatuko da aurtengo txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta eskualdeko errepideetan egingo du ibilbideko lehen zatia. Emakumeen eta gizonezkoen Donostiako Klasikoa iritsiko da aurten Urola Kostara, eskualdetik igaroko baitira bi lasterketak.

Emakumeen lasterketa 09:15ean abiatuko da Donostiatik, eta Oriorako bidea hartuko dute, segidan Aiara igo eta berriz Orio zeharkatuz Usurbil aldera joateko. Gizonezkoen lasterketa, berriz, 11:45 inguruan hasiko da Donostian, eta Usurbildik iritsiko da proba Oriora. Jarraian zeharkatuko ditu eskualdeko kostaldeko herri guztiak –Zarautz, Getaria eta Zumaia–. Zumaiatik Arroa aldera iritsiko dira lasterkariak, baina gero eskualdea utziko dute une batez, Itziar, Deba, Mendaro eta Elgoibar igarotzeko. Elgoibarko ordainsariaren aurreko biribilgunetik Azkoitiko Azkarate mendatera abiatuko da proba, eta handik iritsiko dira txirrindulariak Azkoitira. Azkoititik Azpeitirako bidea hartuko du tropelak, eta Urrakiko mendatean utziko dute eskualdea, Bidania-Goiaztik Tolosarako bidea egiteko.

Eragina trafikoan

Orion zapalduko dute emakumezkoen nahiz gizonezkoen lasterketek lehen aldiz eskualdea. Hori dela eta, 09:00etatik 12:00etara bitartean, itxita izango da Orion N-634 errepidea. Oriora 09:55 inguruan iritsiko da emakumezkoen lasterketa, eta 12:20 aldean gizonezkoena. Emakumezkoen tropela Oriotik Aiara joango da, eta Aiako gaina 10:10-10:15 aldean egitea aurreikusi dute antolatzaileek. Aiatik berriro ere Oriora itzuliko da lasterketa, 10:25-10:30 aldean.

Gizonezkoen lasterketak, bestalde, Oriotik Zarautzerako bidea hartuko du. Zarautz, Getaria eta Zumaia lotzen dituen N-634 errepidea itxita izango da 11:30etik 13:00etara bitartean, kostale osoa zeharkatuko baitu txirrindularien probak; halere, Getariatik Meagarako bidea irekita egongo da. Zumaian, ostera, saihesbidetik egingo du bidea txirrindularien probak, eta N-634 errepiderako sartu-irtenak itxita egongo dira 11:50etik 12:50era bitartean. Hala eta guztiz ere, herri barruan ibilgailuan mugitzea egongo da denbora tarte horretan.

Arroara iritsitakoan lasterketak eskualdea utziko du, baina, gero, Azkaratetik barrena iritsiko dira txirrindulariak Azkoitira. Azkoitian, Azkaratetik herrigunerako GI-2634 errepidea moztuko dute ibilgailuentzat, 13:00ak inguruan. Altzibarko biribilgunetik Eroski supermerkatu aurreko biribilgunera arteko GI-631 errepidea ere moztuko dute Azkoitian. Eroski aurreko biribilgunetik, ordea, lasterketak Azpeitirako bidea hartuko du, GI-2634 errepidean sartuta. Lasterketa Azpeitira 13:45 inguruan iristea aurreikusi dute, eta GI-2634 errepidea 13:30 inguruan itxiko dute. Txirrindularien tropela Urrakiko mendatea igotzen hasiko da segidan, eta han agurtuko du eskualdea. 

Emakumezkoen lasterketan, honako ordutegi hauek aurreikusi ditu antolakuntzak herri eta mendate bakoitzerako:

  • Orio: 09:55 aldean.
  • Aiako gaina: 10:10-10:15 aldean.
  • Orio: 10:25-10:30 aldean.

Gizonezkoen lasterketan, honako ordutegi hauek aurreikusi ditu antolakuntzak herri eta mendate bakoitzerako:

  • Orio: 12:20 aldean.
  • Zarautz: 12:27 eta 12:30 aldean.
  • Getaria: 12:32 eta 12:36 aldean.
  • Zumaia: 12:41 eta 12:46 aldean.
  • Arroa: 12:45 eta 12:50 aldean.
  • Azkarateko gaina: 13:25 eta 13:35 aldean.
  • Azkoitia: 13:33 eta 13:43 aldean.
  • Loiola: 13:38 eta 13:49 aldean.
  • Azpeitia: 13:42 eta 13:54 aldean.
  • Urrakiko gaina: 13:53 eta 14:06 aldean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!