Aurten ere antolatu du punta-puntako eskubaloi torneoa Eraginek, hirugarrenez

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 30a, 11:30
I. Karela Torneoa, 2019an.

Abuztuaren 14an izango da torneoa, eta aurten Bidasoa Irun eta Fenix Toulouse taldeetako mutilek neurtuko dituzte indarrak. Egun berdinean, emakumezkoen Euskal Kopako finala jokatuko dute Orion.

Duela bi urte sortu zuten Orio Eragin Eskubaloi Kluba, eta urte horretako udan antolatu zuen Karela Torneoa lehenengo aldiz. Punta-puntako norgehiagoka batekin jarri zuten martxan txapelketa: "emakumeen eskubaloian dauden euskal talde garrantzitsuenek" hartu zuten parte, hain zuzen, Donostiako Super Amara Bera Berak eta Barakaldoko HGB Zuazok.

Iaz gizonezkoen Bidasoa Irun eta Huesca taldeak gonbidatu zituen Eraginek, eta aurtengo edizioan ere Bidasoa Irun izango da torneoko parte hartzaileetako bat. Dena den, Frantziako Fenix Toulouse taldearen aurka arituko da oraingoan. Abuztuaren 14rako antolatu dute partida, eta aurreko bi urteetan bezala, Orioko Karela kiroldegian izango da. 16:00etan hasiko da norgehiagoka.

Jon Azkue oriotarra aritzen da Bidasoan, eta aurten gertuko aurkari bat izango du: izan ere, gaur egun Fenix Toulousen jokatzen du Erik Balenciaga zarauztarrak.

Euskal Kopako finala, egun berdinean

Bestalde, Karelan izango da emakumezkoen Euskal Kopako finala ere, egun berdinean. Bera Bera eta Zuazo arituko dira nor baino nor, 12:00etan hasita.

Eraginek jakinarazi duenez, asteburu honetan emango du sarrerei buruzko informazioa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!