Parrillak dituzten erretegiak jarduera berezi izendatuko ditu Orioko udal ordenantza berriak

Onintza Lete Arrieta 2021ko abu. 24a, 11:15

"Udalerriko jarduera ekonomikoaren suspertzaile kontsideratzen dira" erretegi horiek. Uztaileko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen Udalbatzak ordenantza berria behin-behinean. Joan den ostegunean, hilaren 19an, argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hurrengo egunetik jendaurrean dago ikusgai 30 lan eguneko epean; tarte horretan erreklamaziorik jaso ezean, behin betiko onartuko da.

Uztaileko ohiko udalbatzarrean lehen onarpena eman zioten bide publikoak terrazekin edo jarduera komertzialari lotutako bestelako elementuekin okupatu eta erabiltzearen inguruko udal ordenantza berriari.

Ordenantzak bi puntu nagusi jasotzen ditu: batetik, parrillak dituzten erretegiak jarduera berezi izendatuko ditu "udalerriko jarduera ekonomikoaren suspertzaile kontsideratzen direlako"; eta, bestetik, euskara indartzeko tresna izango da, "ostalaritza eta merkataritza establezimenduek bereziki zaindu behar duten gaia" dela iritzita.

Azaldu zutenez, "Orioko Biziberritze Planarekin bat eginda, ordenantza honen bidez udalerriko nortasun ikur garrantzitsu bat babestearen alde egiten du ordenantza honek: parrilla. Gastronomia delako Orioren turismo arloko ardatzetako bat: herriaren nortasuna eta itsasoarekiko lotura bistaratzen duen elementua".

Ingurumen, Obra eta Zerbitzuen batzorde informatiboan landu dute ordenantza berria, eta udalbatzarrean aho batez onartu zuten ostegunean. Adostasun horregatik pozik agertu zen bozketaren ondoren Beñat Solaberrieta (EH Bildu), eta azaldu zuen ordenantza hau "salbuespen egoera batean" egin dela: "COVID-19agatik ostalariak jasaten ari diren guztia jasanda, pixka bat erlaxatu egin dugu lehen zegoen araudia, eta testuinguru horretan izanda ere, saiatu gara denen onurarako izango den zerbait formulatzen. Pandemiaren ondorioz terrazen boom bat egon da, jarduerak kanpoaldean ari garelako egiten, eta inportantea iruditu zaigu jarduera horiek ordenatzea".

Aisialdiaz gozatzeko hainbat eredu dago, eta saiatu dira eredu guztiak errespetatzen, "terrazek lur publikoa okupatzen dutelako eta lur horrek denentzako izan behar duelako onuragarri eta ez batzuentzat bakarrik".

Prozesuaz ere hitz egin zuen Solaberrietak: "Lau alderdiok hartu dugu parte, eta puntu askotan iritzi oso desberdinak egon dira, baina eskertu nahi diet denei adostasunetara iristeko jarrera eduki izana eta batzuetan gustukoa ez den hori ere onartzeko hautua egin izana". Ostalariekin zirriborroa partekatu eta haien iritziak jasotzen joan direla esan zuen zinegotziak, eta azpimarratu zuen saiatu direla "denen iritziak barne hartzen".

Azkenik, nabarmendu zuen bizpahiru urte barru ikusiko dela ordenantzak funtzionatzen duen ala ez, eta birformulatu behar den edo ez.

Abstentziotik baiezkora

Jose Angel Iparragirre Orain-eko zinegotziak bulego teknikoa zoriondu zuen egindako lanagatik, baita Solaberrieta batzordeburua eta beste alderdietako kideak ere, "denek erakutsitako jarreragatik".

Azaldu zuen batzorde informatiboan abstenitu egin zela Orain taldea "azken bileretan lehendik hartutako erabaki batzuk aldatu egin zirelako. Aldaketa batzuk handiak izan ziren, eta justu gu ez gentozen bat horretan". Dena den, udalbatzarrean alde bozkatzea erabaki zuen Iparragirrek, "abstenitzeko aukera banuen arren taldekideen partetik".

Ordenantza berriaren testuingurua

Bozketa egin aurretik, ordenantzaren inguruan idatzitako testuaren berri eman zuen udal idazkariak, gaia kokatzeko eta arrazoi eta argumentuak argi gelditze aldera: "Biztanleen erabilerak eta ohiturak denborarekin aldatu egiten direnez, herriko ostalaritza, merkataritza eta turismo sektoreek ere bere aldetik etengabe egokitu behar izaten dituzte beren zerbitzuak kalitatezko arreta eskaintzeko. Orioko Udalak etengabe aldatzen ari den testuingurura egokitu behar du, eta ordenantzak, erregulazioak eta araudiak ezin dira errealitate horretatik kanpo gelditu".

Horregatik, udalak zentzu horretan "bere arautegi osoa moldatu behar du, hobekuntzak eginez, zeharkako errealitate dinamiko horretara egokitzeko". "Ordenantza hau Orioko nortasun ikurrak eta erakargarritasuna mantentzeko estrategia orokorraren barruan kokatu behar da, eta helburu hori lortzeko ordenantzak berdin zaintzen ditu gune publikoaren paisaia, eta baita irisgarritasuna ere, irizpide argi hauekin: harmonizazioa, antolamendua, eta ostalaritzaren eta merkataritzaren arloan kalitatezko zerbitzuak sustatzea".

"Turismoak ostalaritzaren sektorean duen pisua nabaria da, herritarrez gain herrira etortzen diren bisitariak ere establezimendu publiko horien erabiltzaile direlako, eta ordenantza honi ere eragiten dio herriaren izaera turistikoak, herriko taberna eta jatetxeen erakargarritasunerako puntu garrantzitsuak baitira terrazak. Oriok turismoa garatzeko plan estrategikoa landu du sektore horrek herriko ekonomian pisu handiagoa izan dezan, betiere modu orekatu eta jasangarrian, eta herriaren nortasuna eskaintzaren erdigunean jarriz".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!