Atleta berriak, abiada bizi-bizian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 4a, 15:00

Orioko atletismo taldeko hainbat kide, Aitor Rubio eta Kamel Ziani entrenatzaileekin. (Utzitakoa)

Denboraldia bukatu berri dute Orioko atletismo taldeko kideek, eta aurten "emaitza bikainak" lortu dituzte gazteek. "Belaunaldi berri bat" batu da urteotan, eta horrek "ilusioa" piztu du taldean.

Aitor Rubiok eta Kamel Zianik 2017an jarri zuten martxan gazteentzako atletismo taldea Orion. 2020-2021 denboraldia amaitu berritan, Rubiok azaldu du "ilusioa" dela nagusi taldean: hamar seniorrez gain, Orioko zortzi kadete eta jubenil bat lehiatu dira sasoi honetan. Hurrengo urtean, gainera, kadete izatera igaroko dira beste hainbat gazte, eta are ordezkari oriotar gehiago izango dira atletismo txapelketetan. "Hazten ari da taldea", esan du Rubiok: "Talde berria gara oraindik, baina lan handia ari gara egiten, eta pixkanaka-pixkanaka atleta belaunaldi berri bat ari da etortzen atzetik".

Behin gazte horiek apurka-apurka federatuta, hainbat txapelketa ofizialetan parte hartzeari ekin diote. Pandemia dela-eta aurten ez da krosik egin, baina azarotik martxora bitartean pista estalian lehiatu dira oriotarrak, "maila guztietako txapelketetan", Rubioren esanetan. Espainiako Txapelketan korritzeko tokia lortu zuen, gainera, Martin Iriondo oriotarrak, eta bera izan zen txapelduna 3.000 metroko proban.

Apiriletik uztail bukaerara arte, berriz, Orioko taldeak aire librean jardun du "Gipuzkoa mailan nahiz Euskadi mailan", eta berriz lortu zuten Espainiako Txapelketara sailkatzea. Iriondok, txartela lortu arren, ezin izan zuen parte hartu lesio bat zela-eta, baina han izan ziren Sunhai Huegun eta Xabat Elortza oriotarrak. 600 metroko proban hamabigarren denbora onena lortu zuen Huegunek, Lleidan (Herrialde Katalanak). Elortzak, berriz, hamaseigarren postua lortu zuen 2.000 metroko oztopo lasterketan, Huelvan (Andaluzia).

Denboraldi honetako emaitzak, beraz, "oso onak" izan dira. "Orain umil-umil jarraituko dugu lanean", esan du Rubiok. Hurrengo denboraldian helburuetako bat izango litzateke, apurka, taldekako hainbat modalitatetan parte hartu ahal izateko gutxieneko kopuruak lortzea. Rubiok uste du, esaterako, "oso polita" izango litzatekeela Espainiako Txapelketan taldeka lehiatu ahal izatea; baita, orokorrean, errelebo bidezko lasterketak jokatzea ere. "Lehia indibidualetik harago, ederra da taldekako lana atletismoan ere", iritzi dio.

Eguneroko lana

Orion atletismoko pistarik ez daukatenez, frontoian entrenatzen dute taldeko kideek, eta "baliabide handiegirik ez" izan arren, Rubiok azaldu du "dagoenarekin aurrera" egiten dutela beti. Tarteka, Hernaniko pistan egiten dituzte saioak.

Atletismo eskolan egiten den lanari azpimarra eginda, Rubiok adierazi du "garrantzitsua" dela "gazteek aukera izatea Orion kirolak probatzeko". "Herrian lehen arrauna eta futbola ziren nagusi; gero, pixkanaka, eskubaloian nahiz atletismoan hasi ginen lanean". Hausnartu du askok uste duela "korrika egitea soilik" dela atletismoa, baina askoz ere zabalagoa da: "Arlo asko ditu. Hasiberriek pixkana ikasten dute, eta denborarekin, arlo bat edo bestea lantzen laguntzen diegu". Rubiok ondorioztatu du gazteekin "lan ona" egiten ari direla.