Behera egin dute Orioko eta Aiako intzidentzia tasek

Anartz Izagirre 2021ko abu. 4a, 13:06

Orion hiru kasu baieztatu dituzte azken orduetan, baina 873,14ra jaitsi da intzidentzia tasa. Aian, berriz, 453,40an dago tasa. Hego Euskal Herrietako ospitaleetan, dena den, egoerak baretu gabe jarraitzen du; %10etik gorakoa da positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta beste hiru kasu positibo atzeman zituzten Orion. Kasu metatuen tasak, baina, behera egin du: 913,24an zegoen atzo, eta 864,32an dago une honetan. Aian ez zen kasurik izan atzokoan, eta han ere jaitsi egin da intzidentzia tasa, 502,78tik 453,40ra.

Urola Kostan berriro ere gora egin du positiboen kopuruak azken orduetan. Guztira, 45 positibo zenbatu zituzten atzo —herenegun 34 izan ziren—, eta horietatik gehien Azpeitian izan dira: hamalau. Hori dela eta, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak gora egiten jarraitzen du Azpeitian, eta uneotan 834,43 da tasa. Gertutik jarraitzen dio Zarautzek, hamahiru kasu zenbatu baitituzte han, baina intzidentzia tasak behera egin du han, 715,30era. Hala eta guztiz, eremu gorrian jarraitzen du oraindik ere eskualdeko herririk handienak.

Datu baikorragoak izan dira Azkoitian, bost kasu hauteman baitituzte han, eta intzidentzia tasak beheraka jarraitzen du; uneotan, 709,34 da tasa. Zumaian, bestalde, lau kasu zenbatu dituzte, baina intzidentzia tasa milako langatik jaitsi da eta 966,72 da orain. Hala eta guztiz, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik intzidentzia tasarik altuena duen herria izaten jarraitzen du Zumaiak.

Horrez gain, Getarian bost kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasa 918,73ra igo da. Bestalde, Zestoan kasu bat hauteman dute, eta 873,14 da tasa gaur-gaurkoz. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk zenbatu, eta honakoak dira herri horietako tasak: Aizarnazabalen 130,04, Beizaman 806,45 eta Errezilen hutsa.

Ospitaleratzeek, gora

Hego Euskal Herrian, guztira, 11.835 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.389 izan ziren emaitza positiboa izan zutenak. Lurraldez lurralde, beste behin Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (589), eta ondoren, Gipuzkoan (321), Nafarroan (303) eta Araban (154) —22 positibo, berriz, lurralde horietatik kanpo zenbatu zituzten—. Positibotasun tasak ere oso altua izaten jarraitzen du oraindik; %12,6 da Nafarroan eta %11,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ospitaleetan, berriz, egoera ez da baretzen ari. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 327 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 61 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 114 eri daude ospitaleetan, eta horietatik hogei dira ZIUetan daudenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!