Eskubaloizaleek hitzordu bikoitza izango dute Karelan hilaren 14an

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 4a, 19:51

Ander Agote (Eragin), Jose Angel Iparragirre (Orioko Udala), Gari Garagarza (Eragin), Anuska Esnal (Orioko Udala), Maria Azkue (Eragin) eta Bittor Andres (Orioko Udala).

Orio Eraginek eskubaloi torneoa antolatu du beste urte batez. Bidasoa Irunek eta Fenix Toulousek hartuko dute parte, baina horretaz gain, emakumezkoen Euskal Kopako finala jokatuko dute egun berdinean, Karelan. Oraingoan ere "klubaren balioak" ordezkatzen dituen jokalari bana sarituko dute norgehiagoka bakoitzean. Bi partidetarako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai.

Orio Eragin Eskubaloi Klubak aurreko astean jakinarazi zuen punta-puntako eskubaloi torneo bat prestatu duela aurten ere. Abuztuaren 14rako jarri du hitzordua, eta nazioarteko partida bat izango da oraingoan: Bidasoa Irunek eta Fenix Toulousek neurtuko dituzte indarrak. Eragineko Maria Azkuek azaldu duenez, "eskubaloia sustatzeaz gain", haien helburua da "klubeko neskei goi-mailako eskubaloia ikusteko aukera eskaintzea".

Aurten, baina, urteroko torneoa antolatzeaz gain, "zerbait berezia" egin nahi zuten Eragineko kideek. Hori dela-eta, bi norgehiagoka izango dira oraingoan: torneoko partidaz gain, iaz jokatzekoa zen emakumezkoen Euskal Kopako finala jokatuko da Karela kiroldegian. Donostiako Super Amara Bera Bera eta Barakaldoko HGB Zuazo dira finalistak. Hilaren 14an hitzordu bikoitza izango da, beraz, eskubaloizaleentzat: Euskal Kopako finala 12:00etan izango da, eta 16:00etan hasiko da Bidasoaren eta Toulousen arteko norgehiagoka.

Eragin sariak

Aurreko urteetan bezala, Eragin sariak banatuko dituzte torneoan; partida bakoitzeko jokalari bat sarituko dute. "Gure klubaren balioak islatzen dituzten jokalariak omendu nahi ditugu sarien bidez", esan du Azkuek: "Eraginen balioak dira, besteak beste, errespetua, umiltasuna, talde lana eta konpromisoa".

Aurreko asteburuan zehaztu zuten modura, bi norgehiagoketarako sarrerak bihar, ostegunean, jarriko dituzte salgai. 09:00etatik aurrera, Vivetix plataformaren bidez erosi ahal izango dira tiketak (Bidasoa Irun-Fenix Toulouse partidarako sarrerak lotura honetan egongo dira eskuragai, eta Bera Bera-Zuazo partidarako sarrerak, berriz, lotura honetan).

Gertuko ereduak

Anuska Esnal Orioko alkateak adierazi du "ohore bat" dela udalarentzat "maila horretako partidak herrian izatea", "batez ere, horrek atzetik daukan guztiarengatik". Azpimarratu du Eraginek pausoak eman dituela herrian "emakumeen ahalduntzearen" alde, eta "mailaz maila" ikus daitekeela nola jokalariek "kirolaz eta eskubaloiaz gero eta gehiago gozatzen" duten. Bide horretan, "ispilu onak" izatea "garrantzitsua" dela uste du Esnalek, eta horregatik dela interesgarria goi-mailan aritzen diren emakumezko jokalariak ikusi ahal izatea Orion ere. "Lanean jarraitzeko motibazio bat da hori", gaineratu du: "Ez dut zalantzan jartzen, Eragin egiten ari den lanari esker, etorkizunean maila horretako partidetan Orioko neskak ere ikusiko ditugunik".

Jon Azkue oriotarra da Bidasoa Irun taldeko kapitaina gaur egun, eta torneoan izango da beste urte batez; aurreko edizioan bera izan zen klubak saritutako jokalaria. Esnalek esan du "herriko mutilentzat zein neskentzat" eredu dela Azkue.

Eragineko Gari Garagarzak gogora ekarri du, gainera, Fenix Toulousen jokatzen duela Erik Balenciaga zarauztarrak, eta klubarentzat "oso gertukoa" dela hura ere. "Bera Beran eta Zuazon ere badira eskualdeko jokalariak, eta hori garrantzitsua da erreferentziak sortzeari dagokionez. Garrantzitsua da gazteek ikustea hemengo jendea ere badabilela goi-mailako eskubaloian", nabarmendu du.