Moilako orubearen atzealdeko etxeen promozioa "engainagarria" dela salatu du Arrantzaleen Kofradiak

IƱigo Gaiton - Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 6a, 16:10

Orioko San Nikolas Arrantzaleen Kofradiak KARKARAra bidalitako gutunean salatu duenez, moilako etxebizitzak egin nahi dituztenek "interes partikularrak" jarri dituzte "oriotarren interes orokorren" gainetik. Promozioa egiteko erabili dituzten irudiek eta argazkiek kofradia berriaren inguruko "itxaropen faltsuak" sor diezazkieke oriotarrei, ohartarazi dutenez.

Orioko Arrantzaleen San Nikolas Kofradiak gutuna bidali berri du KARKARAraren erredakziora. Plazaratu duten informazioaren arabera, ezin izan dituzte haien "harridura eta atsekabea" ezkutatu, moilan, kofradia zaharra zegoen orubearen atzealdean, promozionatzen ari diren etxebizitzak direla-eta. Sustatzaileen publizitatea "engainagarria" dela ere gaineratu dute oharrean.

Kofradiako ordezkarien esanetan, Orioren historian erakunde garrantzitsua izan da Kofradia: "1520an azaltzen da aurreneko aldiz dokumentu ofizialetan, eta ordutik, beti erakutsi du konpromisoa herriaren garapenarekiko". Izan ere, arrantzaleen jardueretarako erabiltzeaz gain, besteak beste, "eskola" ere izan zen 2019an botatako eraikin zaharra, eta "baliabide gutxi zituzten arrantzaleentzat etxebizitza" ere bai: "Oriotar askok kofradiaren eraikinean hartu zituzten aurreneko eskolak", zehazten du testuak.

Kofradia zaharra bota, eta etorkizunean egin daitekeena proiektatzerakoan, "kutsu herrikoi berari" eutsi nahi izan dio Kofradiako zuzendaritzak. Orioko Udalarekin eta Dike eremuko lursailen ordezkariekin "bilera asko" egin ondoren, akordio batera iritsi zirela azaldu dute: moilako orubean eraikin berri bat egitea adostu zen, beste hainbat punturen artean. "Akordio hori, 2019an egindako hirigintza plan batean islatu zen, udala osatzen duten alderdi guztien onespenarekin. Planak ez zuen erreklamaziorik izan jendaurrean egon zenean".

Kofradia berriaren inguruan adostasuna
Akordio horretan zehaztuta dagoenez, moilako orubean egingo den Kofradia berria jarduera publikora eta pribatura bideratuta egongo da. Gutunean plazaratutako informazioak zehazten du eraikinaren 1.500 m2 erabilera publikorako izango direla, eta 500 m2 Arrantzaleen Kofradiaren jarduera pribaturako.

"Horrez gain, Orioko Udalak onartu du ekipamendu publiko hori erabiltzea interpretazio zentro bat egiteko, zeinak garrantzi handia izango duen herriaren plan estrategikoan", dio gutunak. "Eraikin berrian Orioko itsas ondareari lotutako jarduerak —erakusketak, bilerak, ekitaldiak...— egitea da asmoa".

Arrantzaleen Kofradiak Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzari galdegin dio eraikin berriari buruzko proiektuaren inguruan, eta Arrantza Zuzendaritzaren arabera, mahai gainean dagoen proposamena bat dator partaidetzazko toki garapeneko estrategiekin. Itsas Garapen Elkarteak aurkeztu eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak onartu ditu estrategia-lerro horiek, eta "arrantzaren mendeko eremuetan garapen jasangarria sustatzea" dute helburu, betiere, " tokiko ekonomiaren dibertsifikatzea eta itsasoarekin nahiz arrantzarekin lotutako kultur ondarea ahalbidetuta".

Eremu horien artean egongo litzateke Orio. Aipatutako instituzioen ustez, "interes orokorrekoa" eta "onura kolektibokoa" da kofradia berriaren inguruko proiektua.

Arrantzaleen Kofradiak, beraz, "erabateko haserrea" erakutsi du "hainbat norbanakok, promotorek eta politikarik" izan duten jarrera dela-eta —orubearen atzealdean promozionatzen ari diren etxebizitza multzoari erreferentzia eginez—.  "Interes partikularrak" jarri dituzte "oriotarren interes orokorren" gainetik, salatu dutenez; hala, "oztopoak jarri", "informazioa faltsutu" nahiz "iruzur egin" dutela diote.

Promozioa egiteko erabili dituzten irudiek eta argazkiek kofradia berriaren inguruko "itxaropen faltsuak" sor diezazkieke Orioko "etorkizuneko bizilagunei", ohartarazi dutenez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!