“Bi uztarri puskatzea oso-oso arraroa da, halakorik ez dut sekula ikusi”

Iñigo Gaiton 2021ko abu. 9a, 09:00

Iñaki Oliden ez zen nahi bezala ibili Aizarnazabaleko Kintopekoen Idi proban. Lehiaketarako eramandako uztarria hamabosgarren minutuan hautsi zitzaion, eta hura aldatutakoan, ordezkoa ere bai. Bere idiekin zortzigarren egin arren, irabazlearen parearekin ere berak jardun zuen itzain, eta txapela jantzita itzuli zen etxera.

Uztarriak puskatzea ohikoa al da idi probetan?
Bat puskatzea ez da arraroa, baina ordezkoa jarri eta hura ere txikitzea, ez zait sekula tokatu, eta ikusi ere ez dut inoiz egin. Aizarnazabalen juntatutako jendearekin hitz egin nuen probaren ondoren, eta inork ez zuen halakorik gogoan; beno bai, behin-edo Antonio Latasari gertatu ote zitzaion aipatu zuen baten batek. Oso arraroa da, egia esan.

Zer ondorio ditu horrek lehiaktean?
Idi probetan hamar minutuko tartea izaten da gehienez edozein matxura konpontzeko. Horrek bi alde ditu: ona, idiek arnasa errekuperatzeko aukera izaten dutelako, eta txarra, normalean, ordezko uztarria kaskarragoa izaten delako, entrenamendu saioetan etab. gutxiago erabilia.

Zer moduz egokitu zen idi parea bigarren uztarrira?
Oso ondo, hobeto jarri zirela ere esango nuke. Bigarren uztarriak, ordea, hiruzpalau minutu egin zituen lehian, hura ere berehala hautsi baitzen.

Zer egurrekin egiten dira uztarriak?
Hemen pagoarekin egin egin izan dira normalean, eta platanoarekin ere bai. Nirea, lizarrarekin egindakoa zen. Aditu bati entzun nion lizarra dela egurrik gogorrena, eta probatzea erabaki nuen. Neronek egiten ditut uztarriak, eta egia esan, kostatu zitzaidan tamaina oneko lizarra topatzea. Harritu egin nintzen, egia esan, puskatu zenean. Bigarrenaren kasuan, duela bi aste egin nuen, eta litekeena da egurra oraindik hezeegi egotea.

Bigarrena hautsitakoan geratzera behartuta, hamaika minutuko lana geratu zitzaizun aurretik, egin gabe. Hala ere, ez zinen azkena sailkatu.
15 minutu generamatzan lanean lehen uztarria puskatutakoan, eta bigarrenarekin beste hiruzpalau egin genituen. Dena den, irabazlearen parearekin ere nik jardun nuen itzain lanetan, laguna dudalako, eta txapela batekin behintzat itzuli nintzen. Bitxikeria modura esan, irabazlearen pareak erabilitako uztarria ere nik egindakoa dela.

Urte eta erdian izan dituzue idiak probarik jokatu gabe, osasun krisiaren ondorioz.
Bai, eta Aizarnazabalen parte hartzaile guztiok igarri genuen erritmo falta. Azkeneko eguneko hiru pareen kasuan, nireak tartean, gainkargarekin jardun ginela iruditzen zait. Idiak pisua hartuta dauzkat, gihar handiagoekin, eta horregatik, harriaren gainean 147 kiloko gainkarga jarri behar izan genuen, proportzionala izaten baita idien pisua eta mugitu beharreko kargarena. Pare batek 1.140 kilo pisatu behar izaten ditu, eta hortik gorako kilo bakoitzeko, kilo eta erdi gehitzen zaio harriari.

Pentsa, Aian harriaren gainean kilo eta erdiko gainkarga izan nuen idi pare berarekin, eta orain 147 kilokoa. Idiak fintzen joango naiz datozen asteetan, arraunlariak ekainetik irailera kiloetan gehiago sartzen joaten diren bezalaxe.

Nola bizi izan duzu idiak probalekura atera gabe egondako urte eta erdia?
Probak ez ditut faltan bota. Idiekin entrenatzen eta txabola inguruan ibilita gozatzen dut gehien, eta lehiaketa egunak azterketa egunak bezalakoak izaten dira; zaila izaten da halakoetan gozamena bilatzea, urduritasunaren ondorioz. .

Probak beharrezkoak dira, hortik sartzen zaigulako idiak mantentzeko diruaren zati bat, baina bestela, oso ondo ibili gara lehiaketarik gabe. Inoiz baino ordu gehiago egin ditut idiekin, entrenatu ere asko egin dugu inolako presiorik gabe.

Udan jokatuko al dituzue proba gehiago?
Hil honen bukaeran Elgoibarren izango gara. Maila ikaragarria dago aurten, eta bost edo sei parek egin dezakete aurrena. Txapelarekin bezala, seigarren ere bueltatu zaitezke etxera. Ikusiko dugu zer gertatzen den.