Arraunketa ona eginez, laugarren egin du Oriok Ondarroan

Karkara 2021ko abu. 21a, 20:30

Jaun eta jabe izan da bigarren txandan, eta gertu egon da hirugarren postua lortzetik. Bihar eguerdian Hondarribia izango dute estropada, baita emakumeek ere, nahiz eta ligatik kanpo izan.

Erakustaldi ederra eman du Oriok bigarren txandan, bigarren sailkatu den Bermeori hamar segundoko aldea aterata. Ohorezko txandan aritzeko moduko denbora zehaztu du zalantzarik gabe. Izan ere, sailkapen orokorrean laugarren bukatu du, hirugarren izan den Hondarribiaren denbora bera eginez, ehuneko eskas batzuk salbu. Ondarroako bandera Zierbenarentzat izan da.

Bihar Hondarribin izango dute beste aukera bat, eta datorren asteburuan liga Galizian jokatuko da. Orio bosgarren postuan dago une honetan sailkapen orokorrean, 129 punturekin.

Sailkapena

  KLUBA   DENBORA ALDE    
1 ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA   19:34,54      
2 DONOSTIARRA AMENABAR   19:36,34 00:01.80    
3 GO FIT HONDARRIBIA   19:41,16 00:06.62    
4 ORIO ORIALKI   19:41,46 00:06.92    
5 SANTURTZI TRANSPORTES Y GRUAS AGUADO   19:46,06 00:11.52    
6 BERMEO URDAIBAI AVIA   19:51,96 00:17.42    
7 CR CABO DA CRUZ   19:57,36 00:22.82    
8 ONDARROA CIKAUTXO   19:58,58 00:24.04    
9 LEKITTARRA ELECNOR   20:20,33 00:45.79    
10 SD TIRÁN PEREIRA   20:20,99 00:46.45    
11 CLUB DE REMO DE ARES   20:32,57 00:58.03    
12 ZARAUTZ GESALAGA-OKELAN   20:32,69 00:58.15    


Orio B hamargarren, Plentzian

Plentziako XXXII. Ikurrina jokatuko dute gaur arratsaldean, ligarako puntuagarria den azkenaurreko estropada, eta Kaiku izan da garaile, 20:03,09ko denborarekin. Getariarrek ongi eutsi diote bizkaitarren arraunkerari, eta bigarren bukatu dute azkenean, ia zortzi segundora. Zumaia eta Orio B bigarren txandan lehiatu dira, Castrorekin batera. Zumaiarrak nagusitu dira beraien multzoan, 20:44,55ekoarekin, eta zortzigarrenak izan dira sailkapen nagusian; atzetik izan duten Castrori lau segundo atera dizkiete. Oriotarrak, berriz, hirugarren izan dira, 21:03,52koarekin, eta hamargarrenak orotara.