Muxuak, arrakastaren ikur

Olatz Enzunza Mallona - Berria.eus 2021ko abu. 24a, 16:30
Iñigo Goikoetxea, Ainhoa Gozategi eta Asier Gozategi, artxiboko argazki batean. Iñigo Goikoetxea, Ainhoa Gozategi eta Asier Gozategi, artxiboko argazki batean. (Ander Gillenea)

Pop eta rock estiloak nahastuz, Gozategi taldeak aire berriak ekarri zizkion trikitiari 1990eko hamarkadan. 'Nor-nori-nork' abestiak eman zion ospea, eta, haren segidan, 'Nirekin' etorri zen. Haren hitz eta doinu goxoek dantzan jarri zuten Euskal Herria.

Emoixtaxux muxutxuek, maitie» esaldia entzun, eta haren doinu eta melodia goxoek oroitzapen jakin batera eramaten dute entzulea, eta, nahi gabe bada ere, gorputza abestiaren erritmora mugiarazi. Gozategi taldeak Ainhoa (Elkar, 1996) bigarren diskoarekin lortu zuen arrakastaren gorenera heltzea; zehazki, kantu hori izan zen eztanda eragin zuena. Urte hartako udako kantua izan zen, eta, trikitiaren ohiko moldeetatik urrunduz, dantzan jarri zituen Euskal Herriko plazak.

Lehen diskoa kaleratu aurretik, Nor-nori-nork abestiak eman zien ospea. Eusko Jaurlaritzari kritika egin zioten kantu horretan, eta Manolo Escobarren El porompompero abesti ezaguna hartu zuten oinarritzat. Lortutako arrakasta ikusita, Elkar diskoetxeak disko bat grabatzeko aukera eskaini zien. Era horretara, Gozategi taldeak aurreneko diskoa kaleratu zuen 1995ean, eta trikitiaren arloan ezohikoa zen talde osaketa bat ekarri zuten: hirukotea. Asier eta Ainhoa Gozategik osatutako soinu txikiaren eta panderoaren molde tradizionalari Iñigo Goikoetxea baxu jolea batu zitzaion.

 

Asier Gozategiren hitzetan, talde izaera «modu naturalean» sortu zen. Baina gogoan du kontrako iritzi ugari ere sortu zituela: «Trikitiaren munduko jendeak esaten zuen hori ez zela trikitia; baina urtetik urtera erakutsi da posible dela musika tresna hori bestelako instrumentuekin nahastea». Ordurako, trikitiak bide berriak bilatu zituen Euskal Herrian: «Boom bat izan zen». Beste talde batzuen artean, Gozategi izan zen talde mota berri horren ordezkarietako bat, eta arin-arin, fandango eta porrusaldekin, pop-rockerako joera erakutsi zuten. Taldea ezagun egin zen berehala, eta haien kantuak irratietan, herriko plazetan eta tabernetan entzuten hasi ziren.

Erreportajea osorik, Berria.eus atarian irakurgai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!