Jose Luis Korta: "Kontxa aurretik egin beharko litzateke igoerako kanporaketa"

IƱaki Berastegi-Berria.eus 2021ko abu. 26a, 11:00

Kaikuren denboraldiari «ginga» jarri nahi dio Kortak, Eusko Label ligarako igoera lortuz. Kanporaketa horri begira, aurkariekiko erreferentziak eguneratzeko erabiliko du Kontxako sailkatze estropada. Berria egunkarian elkarrizketatu dute.

Iaz galdutakoa berreskuratzea du helburu Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzaileak (Orio, Gipuzkoa, 1949); hau da, Bizkaitarra datorren denboraldian Eusko Label ligan aritzea. Ligako azken estropadan hiru aste barru jokatuko den igoerako kanporaketarako sailkatu eta gero, mailaz igotzea «zaila» baina «erronka polita» izango dela uste du taldeko prestatzaileak: «Tiran da faboritoa. Haren atzetik Getaria eta gu gaudela uste dut». Aurrez, Kontxako sailkatze estropadan parte hartuko dute, gaur zortzi.

Ligako azken estropadan lortu zenuten kanporaketarako sailkatzea, Pedreña gainditu eta bandera irabazita. Lehendabiziko helburua bete duzue?

Aste polita izan da. Castroko lehen estropadan kale egin eta gero, zaila geneukan, baina sailkapena iraultzea lortu dugu azkenerako. Lehenengo helburua, sailkatzea, bete dugu, eta, orain, ea kanporaketan zer gertatzen den.

Liga Getariaren atzetik amaitu arren, azken hiru banderak irabazi dituzue. Oso ondo amaitu duzue liga.

Bai, azken zazpi estropadetatik bost irabazi ditugu. Banderak irabazteak morala ematen du, eta mutilak jabetu dira ez direla besteak baino gutxiago. Horrez gain, egin ditugun aldaketekin ere asmatu dugu. Getaria izan da erregularrena; hasieran eta amaieran ondo moldatu da, eta ez da erraza izango haiek menderatzea: erregularrak dira, ondo egiten dute arraunean eta talde ona dute, etxekoa. Ahaleginduko gara, baina TKE ligakoek ere maila handia dute. Urtero talde batek galtzen du, gutxienez; maila galtzea Zarautzi tokatu zaio, baina esango nuke, egun, Enbata gure aurretik legokeela. Tiran da faborito, eta haren atzetik Getaria eta gu gaude bigarren postuaren borrokarako. Meira eta Bueu gure atzetik daudela iruditzen zait.

Dena den, kanporaketaren aurretik, Kontxako sailkapen estropada duzue. Entrenamendu gisa baliatuko duzue ala sailkatzeko aukerekin ikusten duzu taldea?

Iruditzen zait aukera gutxi dugula sailkatzeko, eta, beraz, entrenamendu gisa erabiliko dugu. Ahaleginduko gara ahalik eta estropada onena egiten, eta, bide batez, ikusiko dugu Tiranekin eta galiziarrekin alderatuta non gauden. Galtzeko gutxi eta irabazteko asko daukagu.

Elkarrizketa osorik irakurri daiteke Berria.eus atarian.