Izeta VI: "Aurreko astean Gabirondori irabazi izanak motibatu egin nau"

Anartz Izagirre-Nerea Uranga 2021ko ira. 2a, 16:00

Larunbatean jokatuko dute IV. Euskal Pentatloi Sariaren lehen kanporaketa, hilaren 11n bigarrena eta 25ean finala, Azpeitiko zezen plazan. Gorka Etxeberriak azaldu duenez, txapelketan lan "txukuna" egiteko gai dela erakusteko baliatu nahi du kanporaketako saioa. Izeta VI.ak Gabirondo eta Otaegi ikusten ditu indartsuen aurkarien artean.

Bi egun barru emango saio hasiera IV. Euskal Pentatloi Sariari. Probaren antolatzaileek dagoeneko eman dute kanporaketa bakoitzean lehiatuko diren kirolarien berri, eta aurten, eskualdeko bost pertsona arituko dira nor baino nor gehiago.

Hain zuzen ere, larunbateko kanporaketan arituko da Gorka Etxeberria oriotarra bigarren kanporaketara sailkatzeko borrokan. Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra, Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousman Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo eta Xabier Urrutia lehiatuko dira. Mikel Agirre ere parte hartzekoa zen berez, baina ezbehar bat tarteko, ezin izango du.

Bigarren kanporaketa irailaren 11n izango da, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra arituko da orduan. Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Julen Gabirondo, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Aratz Mugertza, Jon Gisasola Zelai V.a eta lehen probako sailkatuak arituko dira lehian.

Lehen kanporaketatik lau kirolari sailkatuko dira bigarren kanporaketara, eta bigarrenetik, sei finalera. Irailaren 25ean jokatuko dute final handia Azpeitiko zezen plazan, eta orduan erabakiko da nork eramango duen orain arte Xabier Zalduak jantzi izan duen txapela –aurten ez du parte hartuko–.

Egun horretan jokatuko da IV. Euskal Pentatloi Sariaren emakumeen finala ere; Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe lehiatuko dira bertan.

Bost eratako lanak

Probaren izenak dioen bezala, bost eratako lanak egin beharko ditu kirolari bakoitzak. Lehen eta bigarren kanporaketetan, antzerako lanak egin beharko dituzte, harriari bi altxaldi eta enbor bat gorabehera. Bigarrengoan egin beharreko lanak hauek dira: ehun kiloko harriari hamar jasoaldi, giza proban 400 kiloko harriarekin plaza bat, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako enborra ebaki, 50 kiloko txingekin hiru plaza egin eta zezen plazari korrika hamar itzuli eman.

Finalean, berriz, hauek izango dira egin beharrekoak: ehun kiloko bolari 25 jasoaldi egin, giza proban bi plaza osatu 400 kiloko harriarekin, hiru kanaerdiko moztu, 50 kiloko txingekin lau plaza osatu, eta korrika egin hiru kilometro, zezen plazari 30 buelta emanez. Azken hiru urteetan egin diren Euskal Pentatloi Sari guztiak Xabier Zaldua zumarragarrak irabazi ditu, baina aurten lehian parte hartuko ez duenez, ikusteko dago nork eskuratuko duen txapela.

Larunbateko saiorako sarrerak dagoeneko eros daitezke Azpeitiko Mendizabal erretegian, baita Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan ere. Hogei euro balio ditu sarrera bakoitzak.

Gorka Etxeberria: "Lan txukun bat egiteko gai naizela erakutsi nahi dut kanporaketan"

Banakako Euskal Pentatloi Sarian parte hartuko duen aurreneko aldia izango du Gorka Etxeberriak (Ortzaika, Orio, 1995); larunbateko kanporaketan ariko da. Binakakoa, ordea, jokatu zuen Kepa Peñagarikano bikotekide zuela; finalera sailkatu ziren, gainera. Banakakoa jokatzeko asmorik ez zuen Ortzaikakoak, baina final hartan baino lan hobea egiteko gai dela erakutsi nahi du. Larunbateko kanporaketara nahiko sasoiko iritsiko dela uste du:

"Pentatloirako ondo ari naiz prestatzen. Tartean, Zarauzko Bi Harri eta Igeldoko Harria txapelketak izan ditugu, eta bietan maila ona eman dut. Bitarte horretan, aizkora pixka bat alde batera utzita izan dut, baina kanporaketa aurretik hiru aste eduki ditugu prestatzeko eta entrenatzeko, eta nahiko ondo iritsiko naiz. Pentatloian harri jasotzeko proban ibiliko naiz ondoen; izan ere, diziplina hori praktikatzen bost urte daramatzat. Aizkoran galduko dut denbora, eta alde hori beste diziplinetan berreskuratzea zaila da; harri jasotze proba gehienez minutu batekoa izaten da, eta aizkoran bost bat minutura joango gara. Lan txukun bat egitea da nire helburua. Binakako finalean ez genuen egun ona izan, eta orduko arantza hura kentzeko erabaki dut banakakoan parte hartzea; lan txukun bat egiteko gai naizela erakusteko, alegia.

Pentatloia irabazteko hautagai gisa Otaegi, Gabirondo eta Izeta VI.a ikusten ditut. Sasoiko daude hirurak".

Izeta VI.: "Aurreko astean Gabirondori irabazi izanak motibatu egin nau"

Euskal Pentatloi Sarian parte hartuko duen hirugarren aldia du oraingoa Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak (Aia, 1993). Ekainean, Binakako Euskal Pentatloiko txapela irabazi zuen Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.arekin batera. Joan den astean, berriz, Hendaian (Lapurdi) jokatutako pentatloi txapelketan garaile izan zen; Julen Gabirondori hiru minutuko aldea aterata. Iaztik "ez da gelditu" ere egin, eta "ondo" prestatzen ari dela dio Izeta VI.ak. Bigarrengo kanporaketan ariko da. Prestaketa aurten inoiz baino gogorragoa egiten ari zaiola aitortu du:

"Luzea bai behintzat. Iaz, irailean, banakako finaletik kanpo gelditu nintzen, eta pena hori dut. Aurten, ordea, finalean sartzeko esperantzarekin nago. Aurreko astean Gabirondoren kontra txapelketa irabazi izanak Euskal Pentatloi Sarirako entrenatzen jarraitzeko motibazio handia eman dit.

Jokatuko ditugun bost diziplinetatik ondoen aurreneko bietan ikusten dut nire burua, harriekin; alegia, harri jasotzen eta giza proban. Okerren, aldiz, korrikan moldatuko naizela esango nuke, aizkoran ere pixka bat hobera egin dugu eta. Korrikako probarako pixka bat nekatuta ere egoten gara.

Txapelketa irabazteko faboritoen artean Gabirondo ikusten dut. Joan den asteko txapelketako finala ere haren kontra jokatu nuen, eta ikusi nuen indartsu eta ondo dagoela. Gabirondoz gainera, Otaegik ere aurten gerra pixka bat emango duela uste dut".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!