Haiek ere zer edo zer esan nahi dute

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 3a, 09:00
(Utzitakoa)

Ithaka musika taldea sortu dute Orioko eta Zarauzko lau gaztek. Disko bat grabatzea eta kontzertuak eskaintzea dute amets, eta "gazte gisa" pentsatzen dutena esateko egin dute salto musikaren agertokira.

Homeroren lanetako Ulises pertsonaiaren sorterria omen zen Itaka uhartea. Hamaika dira antzinako Greziako mitoogian kontatzen diren istorioak eta bidaiak, eta horiei lotutako izen bat aukeratu zuten Ithakako kideek haien musika talde berriarentzat: literatura eskoletan entzundakoak gogoan, bidaiak eta bideak helmugak bezain garrantzitsuak direla adierazi nahi zuten hitz baten bidez. Eta Ithaka izenaren pean, hasi dute bide bat dagoeneko.

Kuadrillako lagunak dira Leire Olariaga, Josune Freire eta Arantza Igartua oriotarrak. "Betidanik" izan dute musika talde bat sortzeko gogoa, baina beti falta izan zaie beste norbait, "beste instrumenturen bat joko zuen norbait". Eta eskolan topatu zuten hutsune hori beteko zuena: Eneko Eizagirre zarauztarra.

Hasieran "txantxetan" hitz egin zuten musika talde bat sortzearen inguruan, baina, azkenean, geratu eta elkarrekin musika jotzeari ekin zioten. Bertsioak egitea zen haien hasierako asmoa, baina harago joateko aukera ikusi zutenean, ausardiaz egin zuten jauzi: beren abestiak sortzen hasi ziren. "Gure lana handia izan daitekeela ikusi genuen, eta gure musika egiteko eta jendaurrean jotzeko gai garela", azaldu du Olariagak.

Kide bakoitza bere kabuz aritzen da melodiak edota hitzak asmatzen, eta gero, guztiak elkartzen direnean, sortutakoa erakusten diote elkarri. Hala hasten dute kantuak egiteko prozesua. Olariagak, esaterako, hitzak idazten ditu batez ere, eta melodiak osatzeaz arduratu ohi dira, bestalde, Igartua nahiz Eizagirre.

Ametsak ahotan

Estiloari dagokionez, Olariagak uste du oraindik ez dagoela hitz egokirik Ithaka definitzeko: "Ikusi nahian ari gara zer gustatzen zaigun musika talde gisa". Dena den, lau abesti sortu dituzte jada, eta orain arte pop, indie nahiz rock estiloak uztartu dituzte. "Ez diogu ezeri aterik ixten, hala ere".

"Oraindik ikusten ari gara zer musika gustatzen zaigun talde gisa"

Labetik atera berri dituzten lau abestietatik bakarra eman dute argitara: Amestu dezagun. Olariagaren arabera, "dantza egiteko eta ondo pasatzeko kantu bat" da, baina badu helburu sakonago bat ere: "Gazteok entzun gaitzaten lortzea".

Izan ere, oriotarrak dio badutela asmoa "gazte gisa" pentsatzen dutena esateko eta adierazteko: "Jendeak zer pentsatzen dugun entzutea nahi dugu. Amestu dezagun kantuaren bidez, esaterako, adierazi nahi izan dugu amets egin nahi dugula, aske izan nahi dugula eta bizi egin nahi dugula", zehaztu du Olariagak. "Gizartean daukagun egoerarekin eta egunerokotasunarekin, azkenerako, monotonian sartzen gara eta itzali egiten dira gure ametsak. Eta gero, gainera, ez dugu jakiten gurpil horretatik nola atera".

16 eta 17 urte artean dituzte Ithakako musikariek, eta badute zer esana. Olariagak azaldu du gazteek osatutako musika talde gutxi ikus daitezkeela gaur egun Orion. Hala ere, uste du, agertoki publikoan ez jardun arren, gazte ugari aritzen direla bakarka edo taldean musika jotzen eta entseatzen.

Erronkak epe motzean

Are abesti gehiago sortu nahi ditu Ithakak, eta Olariagaren arabera, ikusiko dute noraino eramaten dituen proiektuak. Apurka-apurka taldea ezagutaraztea nahi dute, jendeak beraiek egindakoaz "goza" dezan: "Azken finean, jendeak ematen die bultzada musika taldeei".

"Azken finean, jendeak ematen die bultzada musika taldeei"

Epe motzera begira, badituzte hainbat erronka zehatz ere. Besteak beste, Gaztea irrati kateak martxan jarritako Maketa Lehiaketara aurkeztu nahi dute, baita disko bat grabatu eta oholtza gainean aritzeari ekin ere. "Badugu amets hori", esan du Olariagak.

Hitzordu posible baten berri eman dute jada, gainera: "Baliteke urte honen bukaeran Orion kontzertu bat emateko aukera izatea. Gogotsu gaude, erronka handia baita hori guretzat. Azkenean, lagun artean egiten duguna jendeari erakustea da kontzertuak eskaintzea". Badute grina, beraz, erronka horiei guztiei aurre egiten hasteko eta pixkanaka ikasteko. "Eta gustatuko litzaiguke, jendetza ez izan arren, pertsona multzo bat egotea laster gure musika entzungo duena; gure kontzertuetara joan nahiko duena, eta gure jarraitzaile izango dena".

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!