Hondakin handien bilketa zerbitzuko egunak errespetatzeko deia egin du Udal Elkarteak

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 5a, 11:00

Hondakin handiak "ahalik eta txukunen" uzteko deia egin du Udal Elkarteak, asteartetan 20:00etatik 22:00etara bitartean, edukiontzien ondoan.

Urola Kostako Udal Elkarteak oharra plazaratu du, herritarrei ohartarazpen bat egiteko xedearekin. Azaldu dutenez, herriz herri, asteko egun zehatz batean utzi behar izaten dira hondakin handiak —altzariak, etxeko tresna elektrikoak, aparailu elektronikoak...— edukiontziak egoten diren eremuan; hain zuzen ere, bilketa egiten den egunaren bezperan.

Azken asteetan gorabeherak izan direla adierazi du Udal Elkarteak, eta horregatik, herritarrei deia egin diete, hondakin handiak uzteko egunak eta orduak errespetatu ditzaten.

Oriotarrek asteartetan dute eguna jarrita, eta 20:00etatik 22:00etara bitartean utzi behar izaten dira hondakinak, "ahalik eta modu txukunenean", Ukuek gogorarazi duen modura.

Garbiguneetara ere eraman daitezke hondakin horiek guztiak, edozein egunetan.