Ikasturte honetan ere ibilaldi osasungarriak egingo ditu Orion Minbiziaren Aurkako Elkarteak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 7a, 10:00

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak irailaren 14an ekingo die berriz txango osasungarriei. Astero elkartuko dira anbulatorio ondoan.

Ikasturte honetan ere ibilaldi osasungarriak antolatu ditu eskualdean Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC). Iaz bezala, Orion astearte goizero egingo dituzte oinezko osteratxoak; Kaia kaleko 1. zenbakian (anbulatorio ondoan) bilduko dira partaideak, 10:00etan. Hurrengo asteartean, irailaren 14an, izango da ikasturteko lehenengo saioa.

Orion eta inguruetan ibiliko dira beti, eta txango bakoitzean 5 kilometro inguruko bidea egingo dute, ordu eta erdi inguru egiteko oinez. Doako saioak izango dira guztiak.

Minbiziaren Aurkako Elkarteko prebentzio arloak jarri zuen abian egitasmoa, Martxan izenpean. Helburua da "bizi-ohitura osasungarriak sustatzea", minbizia bezalako gaitzek jotzeko arriskua murrizteko. Izan ere, elkarteko kideek azaldu dutenez, "malgutasuna eta sasoi fisikoa hobetzen" laguntzen du oinez ibiltzeak. Taldean aritzea, gainera, "motibagarriagoa" dela uste dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!