Sentitutakoari forma eman nahian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 8a, 09:00
(Utzitakoa)

Manu Urbieta zarauztarraren Bitartean erakusketa Orioko kultur etxean dago ikusgai aurreko ostiraletik. Hiru diziplinarekin egin du jolas bilduma sortzeko: argazkigintza, pintura eta eskulturagintza. 

"Adinean aurrera goazela, lotsak alboratzen goaz, eta gure kobazulotik irteteko beldurrak uxatzen ditugu; nire kasuan, behintzat, horrela izan da". Horiexek dira Manu Urbietaren (Zarautz, 1963) aurreneko hitzak, Orioko kultur etxean zabaldu berri duen erakusketa aurkezteko. Margolanekin, argazkiekin nahiz eskulturekin osatu du Bitartean izeneko bilduma. Aretoak aukera eman dio arte diziplinekin "jolas librean jarduteko".

Pandemia aurretik egin zuen artistak  kultur etxean erakusketa jartzeko eskaera, eta lehendik egindako nahiz ordutik sortutako lanak jarri ditu ikusgai orain. Hark ondutakoez gain, ordea, Pablo Azkue zarauztarraren argazkiak ere jarri ditu. Urbietak jarri dizkie leihoak irudiei, portzelanazko plaketak landuta.

"Materialak basoan eta itsasoan topatzea, ukitzea, nahastea, moztea, elkartzea eta, ahal dudan neurrian, loturak egitea gustatzen zait", dio Urbietak. "Txatar-biltzaile samarra naiz", gaineratu du. Ingurune naturaletan materialak topatzean "sentitutakoari" forma ematen ahalegintzen da, "momentuak eskainitakoa jasotzeko". "Begien bidez eta intuizioz" saiatzen da naturak hainbat elementutan –esaterako, egurrean edo burdinean—  "utzi duen zigilua" atzematen; gero, tailerrean, horren arabera lantzen ditu elementuak sarri.

Irudimena bidelagun

Sorkuntza prozesu horietan garrantzi handia du inprobisazioak, artistak esan duenez: "Nik ez dut zerbait konkretua bilatzen, bidean zehar sortzen dut". Horixe bera adierazi nahi izan du erakusketa berriaren izenarekin: Bitartean.

"Emaitza baino, bidea izan da garrantzitsua bilduma osatzean. Niretzat, bide hori iradokitzen du Bitartean adierak; beste zerbait iritsi bitartean, ni honetan nabilela erakutsi nahi izan dut. Eta gozatu egiten dut honekin; beste helbururik ez dut", argitu du Urbietak.

Plazak

Azaldu duenez, lanak erakusteko leku falta nabarmena da hain ezagunak ez diren artistentzako. "Izen askorik ez baduzu, oso zaila da erakusketak aretoetan jarri ahal izatea. Tabernetara jo behar izaten dugu askotan, baina horietan, adibidez, oso zaila da eskulturak erakustea". Bestalde, zarauztarrak hausnartu du, agian, "zaharkituta" geratzen ari dela erakusketa fisikoen formatua: "Gaur egun informazio eta irudi asko izaten ditugu begi bistan, eta aldatzen ari dira ikusarazteko moduak".

Plaza faltaz aritzean, artistentzako elkargune faltaz ere mintzatu da Urbieta: "Indibidual samarrak gara arte plastikoetan aritzen garen pertsonak, eta gehienetan norbere kobazuloan sartuta ibiltzen gara, elkarren berri izan gabe". "Falta da guneak izatea diziplina desberdinak lantzen dituzten artistek elkarren berri edukitzeko, elkar elikatzeko eta elkarlanean aritzeko. Berez, kaleak izan beharko luke elkargune hori", dio.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!